Ziztua eta indarra
Behin batetan, mujik batek gidaturiko zalgurdi bat trenbide erdian gelditu zen, lokomotore bat ziztu bizian gaineratzen zen bitartean.
Mujika trenbidea guztiz igarotzen ahalegintzen zen, baina zaldiak ezin zuen aurrerantz egin, gurdiari atzeko gurpil erori zitzaiolako.
Nekazaria lokomotoreko gidariari oihuka hasi zitzaion.
Geldi!
Baina gidariak ez zion kasurik egin. Zaldiak, nola aurrerantz hala atzerantz, urratsik ez zuela emango konturatu zenez, ez zuen lokomotorea geldiarazi, bizkorrarazi baizik.
Lokomotoreak zaldia eta zalgurdia trenbidetik kanpo haizeratu zituen eta bere bideari jarraitu zion.
Mujikak eduki zuen beta alde egiteko.
Gidariak hala esan zion:
Zaldia eta zalgurdia txikitu dizkiat; baina hire agindura makurtu banintzuan, hi, bidaiari eta guztiok hilko gintuan; zeren eta ziztu bizian eragozpide bati arriskurik gabe aurka egin ziezaiokek; baina astirotu banu, denok hankaz gora joango gintuan.
© Leon Tolstoi "Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Bittor Madina