«Kambises» erregea eta «Pasametiko» faraona
Persiako Kambises erregeak Pasametiko III Faraona atxilotu zuenean, Faraona eta beste bi mila egiptoar herriko plazara eraman zitzaten agindu zuen.
Une berean, egiptoar neska gazte guztiak, Faraonaren alaba berbera barne, zirtzilez jantziarazi zituen, eta, ur bila bidali zituen. Egiptoar neska gazteak euron gurasoon begi aurrean aurkitu zirenean, negarrez hasi ziren, eta, gurasoak ere berdin.
Faraonak soilik, beheratu zituen begiak malkorik ixuri gabe.
Jarraian, Kambisesek, gainerantzeko egiptoar guztiak, plazan barrena desfilarazi zituen. Faraonaren semea ere haien artean zihoan lepotik soka bat zeramala, supliziora bidean.
Faraonak ikusi zituenean, bere seme kuttunari heriotza zetorkiola antzeman zuen.
Bere alaba kuttuna gisa hartan agertu zitzaionean bezala, orain ere ez zuen negar ttanttarik ixuri, eta, besteek negarrari eman zioten bitartean, hark burua makurtu zuen.
Ondoren, Pasametikok, lehen oso aberatsa izan eta orain eskean zebilen antzinako lagun bat, ikusi zuen desfilatzen.
Pasametiko, laguna ikusterakoan, ez zen bere buruaren jabe izan, eta, etsi-etsian buruari eraginaz, negar biziari ekin zion. Ustekabeko bihozmin hark Kambises harritu egin zuen, eta, Faraonari honako hau esateko agindu zuen:
Zu, Pasametiko!: Kambises zure nagusi jauna zera ari da galdezka: zer dela-eta ez duzu negarrik egin zure alaba esklabotzat eta zure semea hiltzera galdutzat ikusi dituzunean? Eskale gizarajo bat ikusterakoan, berriz, bihotza bigundu zaizu.
Pasametikok erantzun zion:
Esan iezaiozue Kambisesi: Hain da latza ni neuronen zorigaitza, ez baitut aieneka hasteko ahalmenik ere. Gizon hori, ordea, nire laguna baita; hain aberatsa izan ondoren, orain zahartzaroan hutsa eta putza dela ikusirik, errukarri zait.
Pertsiarrak hunkitu baitziren, Kambisesek Faraona bere begi aurrera eramateko agindu zuen. Eta Faraonaren semeari barkatzeko agindu zuen.
Pasametiko pertsiar erregearenganaino eraman zuten eta askatasuna lortu zuen. Baina, honen semea jadanik hilik zegoen.
© Leon Tolstoi "Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Bittor Madina