Epailari trebea

 

Banakas Aljerko Emirrak zera jakin nahi izan zuen garbi: ea egia zehatza ote zen jendeak zioena; alegia, probintziako bazterren batetan, bazela epaile bat, besterik ez bezain trebea eta justua; egia non zegoen beti asmatzen zuena, eta, sekulan inork engainatu gabea.

        Banakas merkatari mozorrotu zen eta epailaria bizi zen lekura gerturatu zen.

        Herriaren sarreran, eskean ari zen eskale batekin topo egin zuen. Banakasek txanpon batzu eman zizkion, eta, bideari ekitera zihoan une bertantxe, eskaleak bere jantziaren hegal batetatik heldu zion.

        — Zer nahi duk? —galdetu zion Emirrak orduan—. Ez al duk oraintxe bertan nire limosna jaso?

        — Hartu dut bai, zure limosna!, —erantzun zion eskaleak—. Baina, otoi, zure zaldi gainean plazaraino eraman nazazu. Bestela, haraino nire gisara abiatuko banintz, beste zaldiek zapaldu nazakete.

        Banakasek zaldi gainera igoarazi zuen eskalea, eta, plazaraino eraman zuen.

        Han, zaldia geldiarazi zuen, baina, eskaleak ez zuen zirkinik ere egin.

        — Zer dela-eta hago hor geldi? —esan zion Emirrak—. Jaitsi hadi zalditik, iritsi gaituk eta.

        — Zergatik jaitsi behar dut ba? —erantzun zion eskaleak—. Nerea da zaldi hau. Onez uzten ez badidazu, epailariak erabakiko du.

        Pertsona asko inguratu zitzaizkien, eta, eztabaidari adi-adi zegozkion.

        — Zoazte epailariarengana! —oihukatu zituen—. Hark jarraraziko zaituzte ados, bai! Banakas eta eskalea epailariarengana abiatu ziren.

        Egongelan jende ugari zegoen; epailariak txandaka deitzen zituen haren aurrean azaldu beharra zutenak.

        Emirraren txanda iritsi aurretik, epailariak jakintsu bat eta mujik bat bere aurrera deitu zituen. Emakume bategatik ari ziren auzitan.

        Mujikak berea zela zioen; jakintsuak, aitzitik, beste aldera eta berari zegokiola, erreklamatzen zuen.

        Epailariak, biak entzun ondoren, ixilunea sortu zuen. Ondoren, esan zuen:

        — Emakumea nire etxean utziko duzue eta etor zaitezte bihar.

        Bi horiek atera zirenean, harakin bat eta olio saltzaile bat sortu ziren. Harakina odolez zikindua zegoen eta oliogilea olioz.

        Harakinak eskuan dirua zeraman eta oliogileak harakinari eskua estutzen zion.

        Harakinak zioen:

        — Olioa erosi diot gizon honi, eta, ordaintzeko diru-poltsa atera dudan bezain laster, eskutik heldu dit gogor, osteko asmoz; eta zuregana etorri gara, ni neu poltsarekin, eta, hau niri eskutik eutsiz. Dirua niri dagokit, eta, hau lapur bat besterik ez da!

        — Hori ez da egia! —ihardetsi zion oliogileak—. Harakinak olioa erosi nahi zidan, eta, urrezko txanpon bat alda niezaion erregutu zidan; dirua hartu, eta, salmahai gainean jarri nuen. Orduan, poltsaz jabetu zen hau, eta, hanka egin nahi izan zuen; baina eskutik gogor eutsi nion, eta, hemen gaituzu biok.

        Epailariak, pausartetxo bat egin ondoren, erantzun zien:

        — Dirua nire etxean utziko duzue, eta etor zaitezte bihar.

        Banakasen eta eskalearen txanda iritsi zenean, Emirrak gertatutakoaren berri eman zion. Epailaria adi egon zen, eta, lehenengoak berea kontatu zuenean, eskaleari berea kontatzeko agindu zion.

        — Ez nago batere ados esan duenarekin, —ihardetsi zuen eskaleak—. Leku hartatik zehar zaldi gainean nindoala, eta herriko plazaraino eramango ote nuen, galdetu zidan honek. Zaldi gainera igoarazi nuen eta esan zidan tokiraino eraman nuen; baina, iritsi ondoren, ez zuen jaitsi nahi, zaldia berea zuela aitzaki jarriz; eta hori, ez da egia!

        Epailariak pausartetxo bat egin ondoren, esan zien:

        — Nire etxean utz ezazue zaldia eta bihar etor zaitezte hona.

        Biharamunean, jendetza ugari bildu zen epailariaren erabakien berri jakin ahal izateko.

        Ondoratu zitzaizkion jakintsua eta mujika.

        — Eraman ezazu emakumea —esan zion epailariak jakintsuari—. Eta mujikari eman diezazkiotela 50 zigorkada.

        Ondoren, epailariak harakinari deitu zion.

        — Zurea da diru-poltsa —esan zion—.

        Eta olio-saltzailea seinalatuz:

        — Eman diezazkiotela horri 50 zigorkada —ihardetsi zien—.

        Gero, Banakas eta eskalearen txanda iritsi zen.

        — Beste hogei zaldiren artetik zure zaldia ezagutuko al zenuke? —galdetu zion epailariak Emirrari—.

        — Bai horixe, ezagutuko nuke!

        — Eta zuk? —eskaleari—.

        — Baita nik ere!

        — Jarrai nazazu! —esan zion epailariak Banakasi. Zaltegira joan ziren biak. Emirrak hogei zaldiren artetik, berea aukeratu zuen.

        Ondoren, eskalea etor zedin agindu zuen, bere zaldia zein ote zen galdetuz.

        Eskaleak ezagutu egin zuen zaldia, eta, erakutsi zion zein zen. Hirurak aretora itzuli ziren eta epailariak Banakasi esan zion:

        — Zaldia zurea da. Eraman ezazu.

        Eta eskaleari 50 zigorkada emateko agindu zuen.

        Hau dena gertatu ondoren, epailaria etxeratu zen. Banakas atzetik joan zitzaion.

        — Zer nahi duzu? —galdetu zion epailariak—. Nire auzi-epaiak nahigabetu egin al zaitu?

        — Atseginez hartu dut zure erabakia —erantzun zion Emirrak—. Hau jakitea besterik ez dut nahi: nola arraio jakin duzu emakumea jakintsuari eta ez mujikari zegokiola? Diru-poltsa harakinari eta ez olio-saltzaileari zegokiola?; eta, azkenez, zaldia niri zegokidala?

        — Begira nola jakin nuen emakumea jakintsuarena zen ala ez: Goiz-goizean emakumeari deitu eta esan nion: «Bota ezazu tinta nire tintontzira». Berak tintontzia hartuz, presazki garbitu zuen eta tintaz bete. Nabari zuen hori egiten ohiturik zegoela. Mujik baten emaztea izan balitz, ez zukeen jakingo nola moldatu. Hortik atera nuen jakintsuak zuela arrazoi.

        Diru-poltsari dagokionez, begira nola jabetu nintzen egiaz: Bart, poltsa urontzi batetan hartu nuen, eta goizean urgainean oliorik ba ote zegoen ikustera joan nintzen. Diru-poltsa hori olio-saltzailearena izan balitz, bere esku oliotsuen igurzketak poltsa zikindu egingo zukeen, eta, olio apurren bat erantsiko zitzaiokeen; ura garbi-garbi zegoenez, dirua harakinari zegokion.

        Zaldiari dagokionez, erabaki zuzena hartzea zailago zitzaidan. Bai, eskaleak ere zuk bezain laster ezagutu zuen. Baina, nik ez nizuen froga berdina ipini. Zaldiak biotatik nor ezagutzen zuen jakiteko eraman zintuztedan zaltegira. Zu hurbildu zintzaizkionean, burua zuganantz okertu zuen; eskalea hurbildu zitzaionean, ordea, belarria soilik mugitu zuen, eta, hanka altxatu zion.

        Hona hemen nola jabetu nintzen zaldiaren nagusia zu zeu zinela.

        Orduan, Banakasek esan zion:

        — Ni ez naiz merkataria, Banakas Emirra baizik, eta, zutaz zioten guztia egia ote zen jakiteko asmoz etorri natzaizu. Orain, badakit epailari jakintsua eta trebea zarela. Nahi duzuna eska iezadazu, eta, emango dizut.

        — Ez dut sari beharrik —erantzun zion epailariak—. Zure gorespenak entzutea aski zait.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia