Tsarraren janzki berria

 

Behin batetan, bazen janzki ederrak atsegin zitzaizkion tsar bat, eta, ahalik eta ondoen janztea besterik ez zuen pentsatzen.

        Egun batetan, bi jostun joan zitzaizkion eta esan zioten:

        — Inork, inon eta inoiz izan duen janzkirik ederrena egin diezazukegu, eta, gainera badu abantaila bat: bere lanbidearen duin ez den burugabeak ezin ikusi ahal izango du.

        Burutsua soilik izango da nor, janzkia ikusi ahal izateko.

        Tsarra, jostunen eskaintza entzutean, asko poztu zen, eta, janzkia enkargatu zien.

        Kalitate handiko eta ezin ederragoko oihalki, tertziopelo eta zetakiak eman zizkieten jostunei, janzkia egiteari ekin ziezaioten.

        Zortzi egun igaro ziren: Tsarrak bere ministroa bidali zuen janzkigintza nola zihoan jakitera.

        Heldu zen ministroa, eta, jostunei janzkia eskatu zien; jadanik prest zegoela erantzun zioten, ikus zezan, hutsarte bat seinalatuz. Ministroak bai baitzekien bere lanbidearen duin ez zenak edo burugabeak ez zezakeela janzki hura ikusi; ikus-itxura egin, eta, zorionak eman zizkien.

        Tsarrak janzkia eraman ziezaiotela agindu zuen. Hutsarte bat seinalatuz aurkeztu zioten ikus zezan.

        Tsarrak ere ikus-itxura egin zion janzki berriari; zeraman janzkia erantzi zuen, eta, janzki bikain hura jantzi ziezaiotela agindu zuen.

        Tsarra hirian barrena paseatzen zebilenean, denek larru gorrian zihoala ikusten zuten; baina ez zuen inork tutik ere esaten, bai baitzekiten inozoak bakarrik zirela janzkia ikusi ezin zutenak, eta, norbera bakarrik zela ikusten ez zuena, uste zuen bakoitzak.

        Tsarra bazebilen hirian barrena, paseatzen, eta, bere menpeko guztiek miresten zuten janzki berri hura.

        Bat-batean, haur batek tsarrarengana zuzendu zituen begiak esanaz:

        — Hara! begira!, Tsarra hiritik barrena biluzik dabil paseatzen!

        Tsarra lotsagarri zegoela ohartu zen; eta mundu guztiak jakin zuen, tsarra, egiatan, larrugorrian zebilela kalean barrena paseatzen.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia