Tsarra eta alkandora
Tsarra oso gaixoturik zegoen, eta, hala esan zuen:
Senda nazakeenari, neure erreinuaren erdia emango nioke.
Orduan, jakintsu guztiak elkartu ziren tsarra sendarazteko asmoz, baina ez zioten erremediorik aurkitzen.
Horietariko batek, ordea, tsarra nola sendatu zezakeen ezagutarazi zien:
Munduan barrena gizon zoriontsurik aurkitzen baduzue esan zuen, berari alkandora kenduz, tsarrari soinean ezar iezaiozue. Hortik aurrera, tsarra sendaturik ikusiko duzue.
Tsarrak munduan zehar gizon zoriontsuren baten bila joateko agindu zuen. Haren mandatariak lurralde guztiak urratu zituzten, baina, ez zuten nahi zutenik aurkitu. Ez zuten inor bere zoriaz pozik zegokeenik aurkitu. Bata aberatsa zen, baina gaixoa; bestea osasuntsua, baina txiroa zen; beste hura aberatsa eta osasuntsua, baina emaztearekiko beti kexu agertzen zena; beste hori, semeekiko; azken finean, denek zerbait gehiago irrikatzen zuten, eta, horregatik, ez ziren zoriontsu.
Behin batetan, tsarraren semeak, txabola pobre baten ondotik igarotzean, barnetik norbaitek zioena entzun ahal izan zuen:
Jainkoari esker, egin dut lana, eta bai ederki jan ere. Zorionekoa naiz, zer gehiago eska dezaket?
Tsarraren semea poz-pozik jarri zen, eta, gizon haren alkandoraren bila bidali zituen, kosta ahala kosta, eskura ziezaioten.
Mandatariak, presa bizian, bertaratu ziren gizon zoriontsu haren txabolaraino alkandora trukatzeko asmoz, baina, gizon hark, hain baitzen txiroa, ez zuen alkandorarik ere.
© Leon Tolstoi "Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Bittor Madina