Zigor zorrotza

 

Mujik batek, azoka batetara joan, eta, haragia erosi zuen; baina, harakinak pisuz eta kalitatez iruzur egin zion.

        Bat-batean, saltzailearen aurka zipli-zapla ekin zion.

        Tsarrak, handik igarotzen zelarik, ikusi zuen eta galdetu zion:

        — Zer dela-eta horrelako irainak?

        Mujikak erantzun zion:

        — Maltzurki hartu naute: hiru libra haragi on ordaindu ditut, eta, harakinak bi besterik ez dizkit eman, eta, txarrak gainera.

        Tsarrak esan zion:

        — Goazen azokara eta ezagutaraz iezadazu iruzur egin dizuna.

        Mujikak bere subiranoak agintzen ziona egin zuen.

        Tsarrak haragia pisarazi zuen, eta, egiazki, pisua ez zen legezkoa.

        Orduan, tsarrak galdetu zion:

        — Nolako zigorra ezarri nahi diozu harakinari?

        Mujikak, mendekuz beterik, erantzun zion:

        — Egizu, falta zaidan haragi libra hori ebaki diezaiotela bere sorbaldatik.

        Tsarrak ihardetsi zion:

        — Bai, ondo dago. Tori aizto hau, eta, ebaki iezaiozu sorbaldatik libra bat haragi.

        Baina, ahalegin zaitez pisua zehatz-zehatza izan dadin; gehixeago edo gutxiago ebakiko bazenio, zu zeu izango zinateke zigortua.

        Mujikak ez zuen tutik ere esan, eta alde egin zuen.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia