Bi anaiak
Bi anai elkarrekin zihoazen bidaian. Eguerdi inguruan, atsedenaldi bat goxatzeko asmoz, oihaneko zuhaizpe batetan etzan ziren.
Esnatu zirenean, euron ondoan, inskripzio hau zeraman harri bat ikusi zuten:
«Harri hau aurkitzen duen edonor joan dadila oihanetik Ekialderantz; bere ibilbidean erreka bat aurkituko du: iragan dezala; ibai-ertzaren bestaldean, hartzeme bat ikusiko du bere hartzakumeekin; har ditzala hartzakume horiek, eta, atzera egin gabe, igo dadila mendira. Han goian, etxe bat ikusiko du, eta, hantxe bertan aurkituko du zoriona».
Anai gazteenak hala esan zion nagusiari:
Elkarrekin joango gara. Agian, ibaia igaro, hartzakumeak hartu eta etxera ditzakegu; eta, horrela biok zoriontsu izan gaitezke.
Anai nagusiak erantzun zion:
Ez naiz hartzen bila joango, eta, arren, ez zu ere joan. Lehenik, inskripzio horren jatorria zein den ez dakigulako; eta, beharbada, bidaiariei ezarritako tranpa bat izan baitaiteke. Bigarrenik, agian gaizki irakurri bide dugulako. Hirugarrenik, aurreko dena egia balitz ere, zer arraio gertatuko litzaiguke, gaua oihanean igaro ondoren, ibai hori aurkituko ez bagenu, eta, galduko baginateke? Bestalde, aurkituko bagenu ere, igaro ahal izango ote genuke? Agian, zabalegia daiteke, eta, ur-korronte oso bizikoa. Beno, eman dezagun igarotzen dugula; baina, hartzakumeak gureganatzea erraza izango litzaigukeela uste al duzu? Hartzemeak irentsiko gintuzke.
Gainera, hartzak eskuratuko bagenitu ere, ez genuke, atseden hartu gabe, ihes egin, eta, mendi tontorreraino igotzeko indarrik izango. Azkenik, hor ez du esplikatzen, etxe hartan dagokeen zorionbidea nolakoa denik. Agian, ezertarako ez den zorionbidea da.
Beste anaiak, berriz:
Ez naiz zure iritziko; hori ez dago helbururik gabe idatzia, eta idazkiaren zentzua argia eta zehatza da. Eta ez dakar arrisku handirik. Ez baldin bagoaz, beste norbaitek aurkituko du harri hau, eta eskaintzen digun zorionbidea hark eskuratuko du. Bestalde, gauza atsegina ez ohi da lortzen erraz. Gainera, nik ez dut koldar agertu nahi.
Honela mintzatu zitzaion zaharrena:
Ba al dakizu atsotitzak zer dioen? «Dena nahi baduzu, dena galduko zaizu». Eta beste honek: «Hobe duk eskuan hegaztiño, ehun handi airean baino».
Zera erantzun zion gazteak:
Nik entzun izan dut beste hau ere: «Hostoaren beldur? Ez adar eta ez egur».
Eta oraindik garbiago: «Harri geldiaren azpitik ez duk irristatzen urik».
Baina, berandu dugu eta joan beharra dut.
Joan egin zen gazteena; zaharrenak, ordea, ez zion jarraitu nahi izan.
Urrutixeago, basoan, ibaia aurkitu zuen gazteak; pasa zen beste alderaino, eta, ertzean, hartzemea lotan ikusi zuen; hartzakumeak hartu, eta lasterka abiatu zen mendirantz, gelditu gabe.
Tontorreraino heldu zenean, jendetza bat ziren zitzaion bidera, eta, hirira eraman zuten eta tsartzara aupatu zuten.
Bost urtez izan zen tsar; seigarrenean, ordea, beste subirano indartsuago batek gerra egin zion, hiria irabazi, eta, handik kanpora bota zuen.
Orduan, anai gazteena, bideetan zehar hasi zen berriro, eta anai zaharrenaren etxeraino heldu zen.
Lasai bizi zen han, baserrian; ez zen aberatsa, baina ez zitzaion egunerokorik falta.
Pozik bizi izan ziren elkarri bizitzako gorabeherak kontatuz.
Ikusten duzu esan zion zaharrenak. Nik nuen arrazoi. Kezkarik gabe bizi izan, eta, naiz orain ere. Zuk, berriz, tsar izan zinen arren, begira zer gertatu zaizun orain.
Gazteenak, ordea:
Ez dut nire abenturen damurik: ez basokoenik, ez tsar izandakoarenik, ez eta destronatua izanarenik ere. Egia, gaizki nago orain, baina, nire zahartzaroa dotoretzeko, oroipen ederrez beterik dut nik bihotza; zuk, berriz, ez daukazu ezer ere.
© Leon Tolstoi "Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Bittor Madina