Tsarra eta aztorea
Behin batetan, ehizean ari zela, tsarrak bere aztore kuttunena erbi baten atzetik lasterkatzeko jaurtiki zuen, eta jarraitu egin zion.
Aztoreak erbiari bere atzaparra ezarri zionean, tsarrak bi animaliok bereganatu zituen, eta, edateko ur-bila abiatu zen.
Ura tantaka zerion iturritxo bat aurkitu zuen.
Tsarrak itoginaren azpian jarri zuen bere kopa, eta, bete zitzaionean, ezpainetara jaso zuen.
Bat-batean, aztorea tsarraren eskuetan zalapartatu zen, eta, hegakada batez ura ixuri zion.
Tsarrak berriz ere bete zuen kopa, eta, berriro edateari ekin zion.
Baina bigarrenean ere, aztorea zalapartatu zen, eta, ura erori egin zen.
Hirugarren aldiz saiatu zen tsarra ura edaten, baina aztoreak ez zion utzi oraingoan ere.
Tsarra, haserrekor bihurtu zen, eta, animalia, harri baten kontra zartakatuz, hil egin zuen. Une hartantxe, tsarraren morroiak heldu ziren, zeintzuk azkar joan baitziren iturritxora kopa betetzera.
Baina, kopa-hutsik itzuli ziren. Batek zioen:
Ezin da ur hori edan suge batek pozoitu egin baitu iturritxoa; ederki egin zuen aztoreak zuk kopan ura hartu eta ixuri zizun bakoitzean; urik edan bazenu, dagoenekoz hilik egongo zinen.
Tsarrak ihardetsi zuen:
Gaizki saritu dut hegazti kuttun gizarajo hau!; berak heriotzatik salbatu nau eta nik neuk bera hil dut.
© Leon Tolstoi "Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Bittor Madina