Belatxinga

 

Basaldean bizi zen ermitari batek aztore bat belatxinga koskor bati haragi puska bat ematen ikusi zuen.

        Ermitaria agerkari haren aurrean guztiz txunditurik gelditu zen.

        — Probidentziari esker —ihardetsi zuen—, belatxinga hau ez da goseak ibiliko.

        Jainkoak aztore hau bidaltzen du umezurtz bitxi hau elika dezan. Jainkoak bizidun guztiak bazkatzen ditu, eta, guk geutaz soilik pentsatzen dugu. Baina, ni ez naiz gehiago neutaz arduratuko, ez dut horniketarik egingo. Jainkoak bere izaki guztien ardura duenez gero, nitaz ere arduratuko da.

        Esan eta egin: basarte batetan etzan zen, eta, higitu gabe bere denbora osoa otoizka ihardun zuen. Hiru egun eta gau osoak igaro zituen ezer jan eta edan gabe. Hirugarren eguna amaitzean, hain pattaldurik aurkitzen zelarik, besorik ere ezin zuen altxa. Ahuleziaz lokartu zuen eta ametsetan agure bat ondoratzen zitzaiola uste izan zuen, hau esanez:

        — Zer dela eta ez zara elikamendu bila saiatzen? Jainkoari atsegin izatea nahi, eta, ez diozu samingarri zaiona besterik egiten. Norberak bere beharrei arreta har dakiekeen eran antolatu du hark mundua: aztorea bidali zuen belatxinga koskorra bazka zezan, zeren-eta bere kasa bizigairik ezin aurki zezakeelarik, bertantxe hilik geldituko baitzen. Baina, zuk baduzu lan egiterik. Eta lanari ez ekitean, Jainkoa zirikatzen duzu, eta, bekatu egiten duzu. Esna zaitez, eta, lehen bezalaxe, lan egin ezazu; baduzu gaitasunik eta ez zaitez alper hutsa izan.

        Ermitaria esnatu zen, eta, orduraino bizi izan zen bezalatsu iraun zuen.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia