Eginkizun zailena
Senar-emazteak eztabaidaka aritzen ziren: senarrak bere lana emaztearena baino zailago zela baitzioen setatsu; emakumeek ez zutela ezertarako balio eta. Udako egun batetan, zereginak kanbiatu zituzten: emaztea sorora joan zen eta senarra etxean gelditu zen.
Adi egon zaitez! esan zion emazteak irten baino lehen. Behiak eta ardiak bere orduan atera itzazu; txitei janaria eman iezaiezu galdu ez daitezen zainduz; otordua presta ezazu; iztupa landu; gantza eragin, eta, batez ere, artaxehea pilatzea ez bekizu ahantz.
Emazteak alde egin zuen.
Mujikak abereak askatzea pentsatu zuenerako, beste animaliak oso urruti zeuden, eta nekez lortu zuen biltzea.
Etxeratu zen, eta, hegazti harrapariek txitak eraman ahal ez zitzan, bata bestearekin lotu zituen, eta, sokaren muturra oilalokaren hankan tinkatu zuen.
Konturatua zen bere emazteak, artaxehea biltzen zuen bitartean, pasta ere egiten zuela, eta, haren antzera egitea nahi izan zuen. Eta aldi berean gantzari eragiteko, gantz-ontzia gerriari atxiki zion.
Artaxehea prest dagoen unean, gantzgurina ere burutua izango dut zioen berekiko.
Eta lansail hirukoiari hasiera eman orduko, oilalokaren kokorokoak eta txiten txioketa zorrotza entzun ziren.
Ezkaratzean zer gertatzen ote zen ikusteko, korrika egitea nahi izan zuen; baina, oztopatu, lurra jo, eta, gantz-ontzia txiki-txiki eginda gelditu zen.
Oilategitik atera zenean, miru izugarri batek bere mokoan oilaloka eta txitak zeramatzala ikusi ahal izan zuen. Oraindik aho zabalik zegoela, txerri bat sartu zen bizkor barrura, eta, ore-mahaia irauliz, orea sakabanatu eta jan zuen.
Beste txerri bat artaxehe tartean sartu zen.
Hainbeste zorigaitzez bere burua estuturik, senarrak ez zekien nondik hasi konpontzen.
Emaztea etxeratu zenean ezkaratza begiztatu, eta, ez zuen han txitarik ikusi.
Zaldigainetik bizkor jaitsi zen eta etxe barrura sartu zen.
Non daude txitak eta oilaloka?
Miru batek eraman ditu; oilalokarekin lotu nituen gal ez zitezen; baina, mirua izugarria zenez, denak jaso zituen.
Prest al dago otordua?
Zer otordu? Sua itzali zait, hara!
Eragin al duzu gantza?
Ez, ezkaratzean zalapartaka ari nintzela, oztopatu, eta, bertan erori naiz. Zakurrek jan dute gantz-gurin guztia.
Eta nolaz dago sakabanaturik ore hau guztia?
Txerri madarikatuok! Ezkaratzean nengoela, etxe barrura sartu dira. Horietako batek ogi-orea eta beste batek artaxehea jan dituzte.
Hau da lana egiteko era! esan zion emazteak. Nik zuk edozein egunetan haina lan egin dut, eta, garaiz nator.
Ene! soroan ez dago zeregin besterik; hemen, aldiz, dena batera egin beharra dago: hau prestatu, beste hartan pentsatu, hori zaindu... Nola konpondu?
Ni egunero konpontzen naiz ederki asko. Ez dezagun gehiago eztabaidarik, eta, ez ezazu sekula errepika emakumeen lanak ez duela tutik ere balio; ez eta egiten duten apurra erraza denik ere.
© Leon Tolstoi "Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Bittor Madina