Eguzkia eta haizea

 

Eguzkia eta haizea eztabaidaka ari zuen, ea bietariko nor zen indartsuena.

        Eztabaida luzea izan zen, bietariko inork amore eman nahi ez zuelako.

        Bidetik zaldun bat zetorrela ikusiz, euren indar guztiak bidaiariaren kaltetan neurtzea erabaki zuten.

        — Ikusiko duzu —esan zion haizeak—, nola berarengana hurbildu bezain laster, bere jantziak brast! kenduko dizkiodan.

        Eta ahal zuen beste, putz egiteari hasi zitzaion. Baina, haizeak zenbat eta ahalegin gehiago egin, zaldunak hainbat eta gehiago estutzen zuen bere berokia, haizearen aurka purrustadaka ari zen bitartean, beti bidean aurrera jarraituz.

        Haizeak, sumindurik, bidaiariarengana euri eta elur-jasa bota zituen; baina, zalduna ez zen gelditu.

        Haizea, azkenean, konturatu zen ezinezkoa zitzaiola zaldunaren berokia kenaraztea.

        Eguzkiak irribarre egin zuen; bi laino tartetik azaldu zen, lurra birberotu zuen eta zaldun gizajoa, horrenbesteko haize, euri eta elur ekaitza jasan ondoren, beroaldi goxo harekin alaitzen ari zen artean, berokia erantzi beharrean aurkitu zen; eta, lepoan jarri zuen.

        — Begira —zioen Eguzkiak Haizeari—: Onez gehiago lortzen da txarrez baino.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia