Azkarrenak amore eman behar du

 

Bi gizon, bidexka oso estu batetan, aurrez aurre topatu ziren, biok batera pasa ezin zirelarik.

        Batak zokoratu beharra zuen bestea pasa zedin. Baina ez zuen inork amorerik eman nahi; itsutu ziren eta burrukan hasi ziren.

        Horrelako batetan, batak besteari esan zion:

        — Utz nazazu, arren, pasatzen; bestela, aspaldi batean, burugogor bat erabili nuen eran erabiliko zaitut.

        Besteak, mehatxu harengatik izuturik, leku egin zion; baina, urruntzen ari zela galdetu zion:

        — Amorerik eman ez banizu, zer egingo zenidan? Esan iezadazu: nola bukatu zenuen burugogor harekin?

        Besteak erantzun zion:

        — Zu baino askoz burugogorragoa zen, eta, nahi nuena ezin nuela lortu konturatu nintzenean, zera erabaki eta egin nuen...: BERARI UTZI NION aurrena pasatzen.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia