Mujika eta antzarrak

 

Mujik behartsu batek ez zuen jatekorik eta bere nagusiari zerbait eskatzea erabaki zuen.

        Haren aurrean eskutsik ez azaltzearren antzar bat harrapatu, erre, eta nagusiari eraman zion.

        Nagusiak, antzarra hartu, eta, hala esan zion mujikari:

        — Mujik! milesker antzarrarengatik, baina, ez dakit nola zatitu. Emaztea, bi seme eta bi alaba ditut.

        Mujikak erantzun zion:

        — Nik neuk zatituko dizut.

        Aizto bat eskuratu zuen, antzarrari burua moztu, eta hala esan zion nagusiari:

        — Zu etxeko-buru zarenez, har ezazu burua.

        Gero, hegaztiaren atzeko aldea moztu, eta, nagusiaren emazteari eman zion esanaz:

        — Zuk, eserita, etxean egon behar duzunez, zurea da zati hau.

        Ondoren, hankak moztu zituen eta bi alabei eman zizkien esanaz:

        — Zuek oinak zarete: zuen gurasoen arrastoak jarraitu behar dituzue.

        Eta hegalak moztuz, semeengana zuzendu zen:

        — Zuontzat hegalak, laster etxetik kanpo hegaz egingo duzue eta.

        Antzarretik gelditzen zena erakutsiz, esan zuen:

        — Hau niretzat izango da.

        Zatitze era hau asko atsegin izan zitzaion nagusiari, zeinak irribarre eginaz ogia eta dirua eman baitzizkion.

        Denboraldia igaro zen. Mujik aberats batek, aipaturiko nagusiak mujik behartsuari antzar bategatik ogia eta dirua eman zizkiola, bazekielarik, bost antzar errearazteko agindu zuen, eta, nagusiari eskaini zizkion.

        — Eskerrik asko antzarrak opari egin dizkidazulako; baina, kezkati nago, emazte eta seme-alabekin seiko taldea osatzen dugu eta. Nola zati ditzakegu geure artean bost hegazti hauek?

        Mujik aberatsak, pentsatzen egon zen arren, ez zuen irtenbiderik aurkitu.

        Orduan, nagusiak mujik behartsuari dei egin zion, eta, antzarren banaketa egin zezan agindu zion.

        Mujik behartsuak hartu zuen bat, eta, nagusia eta bere emaztearengana zuzenduz, esan zien:

        — Zuek biok, antzar honekin, hirukotea osatzen duzue.

        Beste bat semeei eman zien, hau erantsiz:

        — Antzar honekin hiru izango zarete.

        Eta alabei beste antzar bat emanez, esan zien:

        — Zuek ere hirukotea izango zarete ba.

        Azkenez, beste bi antzarrak hartu zituen, esku bakoitzean bana, eta, honela bukatu zuen:

        — Bi antzar hauek eta ni ere, hirukotea gara.

        Nagusiak irribarre egin zuen, mujik behartsuari ogi eta diru gehiago eman zizkion, eta, mujik aberatsa antzarrak ferratzera bidali zuen.

 

 

 

© Leon Tolstoi
© itzulpenarena: Bittor Madina

 

 

"Leon Tolstoi: Alegiak" orrialde nagusia