Noizbait denbora bulebarreko arbolen atzean ezkutatu zeneko garaiaz ari naiz (orduan brontze eta almizkle zaporea, aspaldiko gerren bezalakoa) eta larrosak bezain distirantak ziren egunetan zehar eguzkia farfailez jazten zen (itsaskuskuilu usaina kaleen eskuetan). Hiria bitan banatzen zen, gerizpekoa eta errainupeko komunitatea (ahaztu genuen erlojua zelatari zela). Harantzago hareazko arraia, harrizko muga.

        Beti bukatzen genuen hiria biluzten, kamarera zaharrari bezala gonazpikoa eranzten (pintatzaile hobea behar luke; masailetako gorria zurbilduxe zegoen). Hiri honek emakume itxura zuela zenion. Ez genuen inoiz gauetan ezpainek zer musukatzen zuten jakin, Paseo Berriko azal zimurtua ez bazen. Zerbait handi, handiegi (erlijio berri batetako errito gordea) egiten ari ginen kontzientzia. Marrazten genuen abenida paraleloen gainetik haize leunak ezabatzen zuen zeinua (hori ere lagun, sekretuaren partaide), hiri behera ezagutu dutenena. (Ez esan errefreskatu ez ginela horren distiraz). Tamarisak batzutan goizargi gustua zuten (hiria goiznabar inmensoa zenean). Egarriak. Unatuak (okarina arrastoa palmondoen arrastoen atzetik). Loak hartzen

gintuen haien beso beroek estalirik.

 

Denbora, nostalgia 2.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia