Bidaia ostean zure sabela

oasi gabeko desertua

lur errenditua

amaierarik ez duenean.

Hitz egin dezagun maitasunaz

bere suagatik eguzki nekeaz

haize etsaiek beren muga

aurkitzen duten eremua

bakardade ezin neurtua

baino ez denean.

Maitasunak Asasoak bezala

irlarik gabeko artxipielagoa

dakarkit oroitzean

zure sabel eihar lehen plazidoak

goiz gabeko artizarra.

Zer daki maitasunaz

hiri desolatuak?

Zer daki zure sabelak

landa loretsu, ortzadarraren koloreez?

Baina ez du erremediorik

zure sabela ilunabar zauritua

dut beti aurrean

uhinek hondartza lehorra bezala.

Eta hala ere bat egin nahi nuke

zure sabelaren garaipen pirrikoarekin

zure sabel hauskor sakonarekin.

Izan haren arrubio gozoa.

 

Denbora, nostalgia 5.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia