Sorterrira pozik itzultzen da mutila.

Hurreratzen ari den udazkenaren noraeza

                                        ez zaio axola.

Atzean utzi ditu

egun argiak, zeru nabar, indartsuak Titanak bezala,

bakardadeaz ito dituena,

urtaroa errainuen zirimola

bihurtu duen uda uherra,

otsoen negurik hotzenak baino krudelagoa,

ukitzen duena alperrik galduz.

Bizirik, alai itzultzen da,

utzi bezala aurkituko dituelakoan.

(Lehorteko fruituak mingotsak dira)

Ez daki,

udaberriak kostata loretu zuena ihartu,

(nostalgia zekena da eta ez du kupidarik desidiak).

apirileko azken euriek hazi zituzten

                hitz berantiarrak sikatu,

(Ahantzia ehortzi ez den gorpua da)

espero dituen ilunabar lasaiak

                        gainbeheratu dira.

Non bilatuko ditu utzitako desioak?

Zein arbolaren pean gordeko ekarritako irabaziak?

 

Denbora, nostalgia 7.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia