Adjektiboak falta zaizkit

zure osotasunaren kurbak borobiltzeko.

Sobera aditz daukat

zure kobrezko behatzen periploa adierazteko.

Aditz iragankorrak,

adagio burutugabea bezala ezkutatzen direnak,

planeta harroak bezala beren karriletik ihes egin didatenak.

Aditz iragankaitzak,

horregatik gauzen memoria aldatu gabe

minueta isilpekoaren gisa agertzen zaizkidanak.

Maite aditza iraganean jokatzen dut.

Iragana da maitasun eta euriaren aroa.

Sufritu aditza aldiz orainean.

Orainean erregalatzen zaizkie Paskuko loreak hilei,

eta ahantziaz kabalak egin.

Orainean maiteminduek gezurrak negar egiten dituzte,

eta elkarren gorputzak sakeatzen agur, hotz zaporea duten musuez.

Batzuk geroa existitzen ez duela pentsatzen dute.

Geroa urjasak zarrastatzen duen valsa da,

zure moarezko eskuetan gorderik daukazun nota.

Eta izenordeak,

zubiek batu ezin dituzten hegiak,

ezpainen ohantzea gero eta zabalago eginez,

behetik hiriak politak egiten dituzten ibaiak

aisa pasa daitezkeenak.

 

Denbora, nostalgia 8.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia