Behin batetan hiria (udatiarren imitatzaile txiroa) argi iheskorren bainu zen, algak itsas odola, zeina mordoska berregiten, zauriak sendatzen dituen, zirela zenion. Egun geldia. Parkeko altzifresei itzurtzen zitzaien polenak doministikuka jartzen gintuen. Umeen zarata andereñoen oihu agintariekin batzen zen. Zure musuak beren tunika zurien azpian gardenak ziren (erreginen ditien parekoak) eta zure betazalen kontxetako niniek brillo emankorra erakusten zuten. Edifizioetako huntza hiriaren zainak; zeinak duten indarrarengatik (nork estaliko ditu horiek azalean burututako zuloak?) azaltzen diren; zirela esaten nizun. Arratsaldearen eskoteari begiratzen genion harriduraz. (Kafe kontzertuetako abeslari eme burusoilei bezala). Nire ezpainak kexatzen ziren zure gorrituen azpian (hortzen dardara, lurrikara leuna) eta eskuak zuzentzen ziren arruta ezezagunetan gaindi, nabio noragabeak bezala, izar lagun, ozeano barearen aiduru.
Zure gorputza perfume usaintsuen anfora hautsia zen. Hiriaren zurbiltasun purua parkeko arbolen artean gorde gintuen. Etxerako bidean azken oskorriek gereziak balira bezala jasotzen aritu ginen hondartzako barandillaren kontra.
Denbora, nostalgia 9.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia