Zuhaitza. Aintzinako zuhaitza.
Mitoak baino aurreratuago.
Izena baino zaharragoa,
Adanek sekula amestuko ez zuena,
denbora inoiz borobiltzen ez den zirkulua izan baino lehen,
eta bestea, behin batetan, Golgothan
oraina den iragan horren hegalean
ezaguna eta ezezaguna bildu zituena.
Erdibitu zenetik ez dago zeru-infernurik
eguneroko zeru-infernuan sortzen garen
hauts eta agonia baizik.
Ez gara ispilu ahaztuan ikusten
bere zazpi adarretatik zazpi bide ireki zirenetik.
Lehenetik joan zirenengandik ez da galdu
guden dirdira, eta ezpata goiz eta gaua anaitu zirenean.
Bigarrenetik, mundua, geroko historia,
gaurkoa dena, hitzen ingurubilan deszifra zitekeela pentsatu zutenak.
Hirugarrenetik aldegin zutenengandik geratu zaigu
arratsaldeko hareatan jainko zabal batenganako beldurra,
Sortzailea izan gineneko oroipena, eta gurutzea.
Inork ez zituen laugarrena zeharkatzen ikusi.
Ordudanik ilunabarrak ez dira urrezkoak,
naizena eta izango naizenaren artekoa erlojuak neurtzen du.
Nekea eta hotza bosgarrena aipatzean.
Hortik aukeratu zutenengandik ikasi genuen
gure gorputza ohitura eta beharrez moldatzen.
Zifra eta silogismoen abarrotsa entzun nuen seigarrenetik
eta ezereza dena delako
naufragio urrun batetako hondarrak besterik ez garelako ziurtapena.
Bakarrik zazpigarrenak darama noranahi,
kulunkatzen ari naizen sokaren muturra
bukatzen denera.
Denbora, nostalgia 10.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia