Zein kontinente otzan naiz

zure beso artean barreiatzen den planeta berraurkituan?

Jirofleiek bidea ixten diote

izterrak erdibitzen dizkizun ibaiari;

gorputzaren keak bandidu hegalariari

azken musuen oihartzunak xuxurlatzen dizkio.

Ez duzu jagolerik behar gaztelu biluzian.

Losinek losinak bilatzen dituzte,

hasperenak hasperen anaiak.

Zer bilatzen dut nik

zure ezpainaren belo gardenaren azpian?

Bularretan hazten diren ernamuinak

multiplikatzen dira lujuriaren jakinminez.

Arrapaladan kabalgatzen da

bapateko grinaren zalduna.

Ez dago lekukorik inguratzen zaituen hesian.

Zurrumurruek zurrumurruak eskatzen dituzte,

oihuek oihu burkideak.

Zer sortilegio eskatzen diot

zure atal guztien sinfonia konposatu berriari?

 

Denbora, nostalgia 12.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia