Hitzen hegada akonpasatua eta etengabea da,
aurpegirik gabeko haizeen tiktaka bezala,
ez die zelatatzen adats-ehiztariak,
hiztegitik ihes egindako gaizkile enkaputxatuak,
ez die traba egiten oihuen anabasak.
Hitzak daude horizontea mozten dutenak.
Orduan
nire ezpainak naufragatzen dira zure hegia begiztatu baino lehen.
Hitzak daude ortzadarraren koloreak iluntzen dituztenak.
Orduan
musuak inguratzen zaituen uhinurrategiaren kontra arrailtzen dira.
«Utziko zaitut», «Ez nazazu utzi» berraldatzen dira
brujulak nahasten dituen iturriaren kadentziaz,
espazio eta denbora galtzen dira espazio
eta denboratik kanpoan.
Konstelazio agertuak zientzia tristarazten du,
astronauta ahantziak negar egiten du
traje ilargiarraren barruan
Beltzek jake-mate betirakoan
autoerrukiaren desio zaharkitua berdetzen.
Txuriek desenkantua altzairu apurtuaren ahoan esekitzen dute.
Hitzak daude malefizioak koroatzen dituztenak.
Orduan
nire begiek ez dute zure imajinaren antiojoekin begiratzen,
Metereologoek ezari-ezarian munduaren itxura aldatzen dute,
besteok justu-justu bizitzen gara
gailurrik gabeko frustrazioa ureztatuko duen hitzaren bila.
Hitzak daude asperraren erresuman urtzen direnak.
Orduan
nire laztanek ez diete zure bular bazterrei argi egiten.
Denbora, nostalgia 15.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia