Zabalak, lasaiak ziren gure mugak, seinalagarriak puntu kardinalak. Iparra betiko lekuan (han gure begiratuek oihalezko larrosa hostogabetu zuten) besteak hara eta hona zebiltzan. Ezkildorreetako geziak bezala marmarren konpasean. Hiriaren armaduraz, kaleen hasperenez galdetu zenidan.«Behin ere ez dut jakingo uxoak uxatzeko zure grina horren arrazoia». Zugatik jakin nuen malenkonia desfiguratuak osatu zirela esku erratuak elkarrekin batzean, hitzen batzuk goiznabarraren erlantzez distiratzen dutela. Aparraren maiestatea, zu ibai maiestuosoa bezala isurtzen harearen alfonbran. Zurekin ikasi nuen gure gerizak luzatzen zirela, altzifresek zerua ukitu nahi dutenetan bezala; gero galtzeko, hondartzak bere betazalak ixten zituenean. Gaua konstelazio matxinatuen azpian jausi eta itsasoa hiritik urrutiratzen zenean zurekin ikasi nuen gure menbro guztiak otzan eta geldiak zirela, bata bestearengana okertzen zirela haize berak bultzatua bezala. «Behin ere ez dut ulertuko izarrak uxatzeko zure ohituraren zergatia». Gure hatsak peregrino gisan abiatu ziren unikornio aspaldikoek lerratutako bidetik zehar.
Denbora, nostalgia 16.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia