Halabeharrez gertatu zen.

Hiriak, iluntzen ari,

tamarisa tristeen gainetik

iratxo antza hartzen zuen,

gauezko eta bizkorra.

Itsasoa, eguneroko itsasoa,

errefuxiatzen zen

ilargiaren zuripean.

— Negar egin zenuen

musua eskatu nizulako —

Han, urrun, urrunago,

uretan lo egiten duten lamiek

maitasunera deitzen ninduten.

— Negar egin zenuen

musua eman zenidalako —

Gauak estaltzen gintuen,

zure malkoak ur, uretara

bihurtu ziren.

— Nik ere musukatu zintudan —

Urrun, urrunagotzen ziren

maitatzaile urtarrak

aiene eta kexu artean.

 

Denbora, nostalgia 18.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia