Egunen batetan,

zioen poeta malenkoniatsu batek,

New York aspertu egingo da

izaten dena izaten,

— egoten falta da beharbada —

gizon txikientzako amets erraldoien gordelekua,

eta bale etsiak bezala

— edozein hondartza bakartitan aurki ditzakezue,

    eguzkilore ebakien sorten antzu,

    ahozpez, betirako lo sakonez bainaturik —

suizidatuko da.

Den luzean etzango da

Hudsonen magalean

eta biharamunean

zimentuzko hortz postizoak, belarritako faltsoak

— urrezkoak Bronxeko bihurriren batek eramango ditu

    edo Napolesetik propioki etorritako capoak —

agertuko harea artean.

Bestea urak irents dezala,

oihukatuko luke Stephan Cranek.

 

Denbora, nostalgia 20.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia