Kometa baten isatsa bezain serenoa,

gatzaren distira lehorrez horniturik,

une batetan ustertu, loretu zen zure ausentzia

bion artean hedatzen zen basamortuan.

— lekurik inospitoetan ere aurki daitezke loreak,

    desafiatzaileak, euri, elur kolpeen gorabehera aldaezinak —

Hazi ere, hazi zen

etxe abandonatutako eskerraihenak bezala,

— beti zeuden iratxoak, terroreak

    behatzez seinalatzen genuen etxe horretan —

eta taktoak, zentzuak, hitzak,

ihes egin nahi zuena lotu zutenak,

eta egunak, gauak, maitaldiak,

inkognita deszifratu zutenak,

kupidagabe ezabatu zituen,

itsasaparrak hareazko gaztelu suntsituak bezala,

hondartza, birjinar, xahutu, garbia utzirik.

Eta handi, eskerga egin zen

amesgaizto, dardara aspaldikoak bezala,

lekua hartu zionaren adinakoa.

— zu ere jazarlearen ametsetan geldi zeundela     goizean zure begi-zuloek erakusten zuten —

Maitasuna berraurkitzen saiatu nintzen,

musuak, haragi usaina, zirrara ahantziak,

zure zigilua zuen dena berreraikitzen.

Izugarria izan zen

zu berrasmatzea ezinezkoa zela baieztatzea,

infinitua, ilargiaren bestaldea margotu ezin den bezala.

 

Denbora, nostalgia 21.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia