Zure masailetan zehar noa

larrosa udaberritik bezala,

harkoxkor batek

haurraren esku ahulean egingo lukeen eran,

desioen putzura jaurtia izan baino lehen.

Ezari-ezarian bere orriak itxi dituen

liburua da arratsaldea

eta mina agertzen da.

Gustatuko zitzaidakeen

eguzki inarra izatea,

lauan derrotatutako ezpatako islada baino ez izan arren,

goiza erretzen duen pospoloa edota

bide guztiak galtzen direneko puntua.

Behin batetan iturri izan nintzen,

itsaso anonimoko estalki nekea.

Orain tristeziaren ibaia

mina agertzen denean.

Ez dakit ezer agurrez,

maitatzaileen grina eta zinaz,

ordu hautsietako kereilez.

Batzutan barre egiten dut begi ninietan.

Hala ere isurtzen naiz

poliki-poliki ajedrez partidua bezala,

eta ez zait ardura non hilko naizen,

aho goxo baten altzoan akaso.

Hondartza beroaz irrikitan nago

mina agertuez gero.

 

Denbora, nostalgia 22.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia