Lur hezeak tristura jasotzen du

ihintza tanto txikietan

eta nostalgia husten da zainetan

zapa desesperatua arbola hilaren gainetik bezala,

hilotzaren azken borondatea,

eta sentitzen dut heriotzaren aho iluna inguratzen.

Badakit hala ere ez dela dena hor bukatuko.

Iragarki ikusgarria izango naiz geroztik,

esku-ahurrean gordetako papereko mezuan,

gau dentsoan galtzen den kaleko espektroa.

Ikusiko nauzu beste ibaian batzen den ibai inmensoan,

oroipenak ur geldotan busti ditzazun,

hiri setiatua izan nintzenekoak hain zuzen.

Zapaltzen dituzun taberna ilunetan

eskeko aurkitu berriaren aire serio, kontenplalaria izango naiz.

Eta nahiz eta distantzia ez handiagotu bion artean,

bizitzak bereiztuko gaitu,

nire doblea eramango dizut.

Aurki dezakezu goizero poema-koadernoan,

entregatuko dizkizut nire zentzuak.

Aurki ditzakezu zure gorputza desostotzean,

nire pentsamenduak oparituko dizkizut.

Erre horretarako etxeko liburu guztiak!

Eta zerbait gehiago beharrez gero,

orain arte ezkutua, isila, herabea emango dizut.

Aurkituko duzu iraganaren kaja fuertean pilaturik,

haurrek hiztegian bilatzen duten hitza,

amei galdetzen ausartzen ez direlako,

hauek ere ez dakitelako.

 

Denbora, nostalgia 29.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia