Lesboko arratsaldea biguna, nekea da

eta gorria, neskatxen adatsak

apaintzen dituzten lore freskoak bezala.

Mundua erortzen da hareazko hondora,

iragana ezabatzen amildegitik behera.

Geroa herriko plazako marmol isila da

eta kolpe batek zigilatzen du isiltasuna.

Izenik gabeko arratsaldean gorputza airean zabaltzen da,

haragizko ortzadarra bezala.

Aho esperatuak ez du hots eztia barreiatu.

— Oroitzen naiz ezpainak petalo zuriz busti zenizkidanean —

Esku lagunek ez diote azken unean heldu.

— Behin batetan mirraz igurtzi ninduzun

    eta nire bularrek kriseiluen gisan distiratzen zuten —

Oin fidelek ez dituzte oinatzak estali.

— Beti izan zinen gau infinitorako zubia —

Itsasoak gatzezko begiak ixten ditu.

Haizea lira triste baten doinu hutsa da.

Afroditak zilarrezko anpuluak isurtzen ditu,

giza-maitasunez ez dakiten jainkosa-negar antzua.

Arratsalde birrinduan tunika garbia txori pausatua da,

Han behean Safo izar plegatua.

 

Denbora, nostalgia 31.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia