Kanpoan euria eta eguna tantoetan urperatzen.

Abandonatu zenuen zure gorputza

izara ohe gainean bezala.

Zurbiltasun hari begira nengoen, berak bereizten gintuen

zubi hautsia, itsas mingaina bezala

eta ikusgarriaren horizontetik harantzago zeu.

Horren minez, zureganatzeko

zeharkatzea erabaki nuen

arretaz eta arduraz (hasieran oin bat gero bestea)

ezezagunak beldurtzen nau eta.

Pasatu nituen espazio gauezko, neutroak

isilak gatzezko irudien moduan.

Urrezko soinuez hitz egin zidan zure barruti sakratuak

zorabioa sentitzen hasia nintzenean.

Nire norabide eta izar iheskorrena nahastu ziren.

Zure gerria atzean utzitako itsasadarra zen

zure ditiburuak eguzki txiki urrunak

zure ahoa Pleiadeetakoa.

Badakizu zein kalkulatzailea naizen!

Maiz galdu dut distantzia, denboraren kontzeptua.

Maitatzaileen neurriez ahazten naizenean

arrapaladan, saltoka alde egiten dut.

Beharbada aurretik pasa nintzen

eta ez zintudan aurkitu.

 

Denbora, nostalgia 33.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia