Ez diezaiogun izenik jarri
definitzen gaituenari.
Ze izendun guztia herioak ukitzen bait du!
Edo bestela desegin ditzagun izenak oro,
aingeru eroria, zeru arrasoa, sumendi emendatua;
desehotz ditzagun oihalak oro,
errealitate eta desioa bereizten dituzten
kortinak, presagioak, sorginak;
desmargo ditzagun hotzikara
arratsaldearen dirdira, nabarmena;
desasma ditzagun gauzak oro,
sua, errueda, imajinarik ez dutna.
Jantz gaitezen panpanoz,
sekula desagertuko ez diren hirien
etorbide loretsuak izateko,
gardenak beren apaltasunean.
Jaso ditzagun ametsaren errelikiak.
Ze bizitza ametsaren entsaioa bait da!
Dena irribarre huts, marfilezko hats,
goizeko ihesa bilaka ez dadin.
Ez dezagun hil
bata bestearengana bultzatzen gaituena;
izan daiteke enararen hegada,
gauaren atzazala, Mida erregea.
Denbora, nostalgia 35.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia