Ezin izan genuen denbora hil (berarekin bilutsik jolastu genuen arren). Denborak ere ez gintuen hil, ez gintuen aintzat hartu (pasa zekigukeen txarrena). Egunen nekeak maitatzaileen grinak mingosten ditu. Gure musuak gero eta zaharragoak, norabidegabetuagoak, birjina pairugabeak bezala, erori ziren.
Hiria errautsez, maitasunaren suaren hondakinez, bete zen; amiantozko gauek, untzi erraldoiak bezain pisuek gorde ezin izan zutenak; Kontxako harresiek, harriak bakarrik diren bezain monotonoek, hondartza bihurtzen jakin ez zutenak.
Hiria intzentsu usainez, destino aldaezinaren zeinua, blaitu zen. Zure soinu, hitza, goizeko biluzia desagertu ziren (ozeanorik gabeko naufragoen samina). Arratsaldeko ilunabarrean galdu nintzen, iparraizeak hondamendiak bezala garraiaturik (zuk sendatzen ninduzun ilargi-minaz). Gauaren hasperenak lurreratu zuen, bapateko zaparrada, amets azpietatik sortua zena. Izarren zeloak eihartu kalatxorien mintza.
Denbora, nostalgia 37.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia