Karontek bere txalupa hondoratu zuenean,

oraina bizi nahi zuelako,

Penelopek harrika bota zuen ardatza,

itsaskariari itxoiten asperturik.

Aldaketa izugarri jasan zuen Grezia ttikiak.

Jainkoek negar egin zuten erresuma galdua.

Hauek ez zuten identitate-krisia,

eta besteak bezala izateak

zurbiltzen zituen haien gorputzak Olinpoa bezalakoak.

Exiliaturik sentitzen ziren

esnatu ezin deneko hirian,

ezer gordetzen ez den eremuan.

Oroipenen bigilia hasi zuten:

«Neguak eraikitzeko garaian

luzatzen nituen behatzak zeruertzean»

«Dontzeila gaizki maitatuak

zetozkidan enbor lehorrak bezala»

«Nire ostotsak gizonak mututzen zituen».

 

Bitartean munduko beste ertzean

gerlari bakartiak zauriak mihizten ditu

zakur isilkariak bezala.

Bizitzak dirau.

Thuleko erregeak ardoz betetzen du berriz kaliza

jainko berrien omenez.

Bizitzak dirau.

 

Denbora, nostalgia 38.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia