Postariaren ahotsak eskailerako potaje usaina estali zuen,

buzoi metalikoan utzi hiriaren planoa.

Ilargiaren begi gotikoak seinalatu zidan bidea.

Praha zen, subjetibo eta objetibo

izan eta ez izanaren artean loti.

Lainozko loreak jaso nahi zituen poeta sarituaren koroia osatzeko.

Sinagogara iritsi nintzen,

hiriak azalean tatuaturik daukan bihotza begiztatzera joan ziren turistak.

Hortzen arteko zigiluak mututzen zuen rabinoa.

Inskripzioak, hizkiak oroitzen saiatu nintzen,

Golema, begi aurreko lohizko figura, berpizten

baina nire sena denborak baino ahaltsuagoak zigilatzen zuen.

Gerokoaz, kalea tranbia deskarrilatua zela baizik ez naiz gogoratzen

eta hilerri ingelesean ehortzi nindutela.

Argia zabaldu zuenean,

lur arrotzak izoztu zuen nire odola.

Goizeko hozkirriak nire bizkarrezurretan zehar

ez zidan bizitzaren berri ekarri,

denbora desafiatzailearena baizik,

sorterriko egun zaharren hileta.

Begiak ireki nituen dolu seinalean.

Sentitzen ez dudana kanporatzera ohituta

herriratzeko planak margotu nituen ezpain lehor ertzetan.

Esku batek larrosa jaso zuen

Aho batek musukatu perfumea berpizteko.

Eztarri batek madarikatu zuen botila apurtua.

Norbaitek zer zen itzulaldi eternoa galdetu.

Dena hilik zegoen inguruan.

Gu ere bai baina ez ginen konturatzen

eta hitzak, harrizko edalontziak bezain hutsak

joan-etortzen ziren gerorako bidetik inora ez.

Ez nintzen altxatu,

hilotzei ez zaie mugimendu bortitzik komeni.

 

Denbora, nostalgia 41.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia