Beduino bidaiariak galtzen dira batzutan
harea monotonoaren bakardade artean
eta oasi berderako itzuli bidea aurkitu ezean
desertua emakumea dela pentsatzen dute,
biak laberintiko, misteriosoak,
egunero itxuraz aldatzen bait dira;
Simunak aurreko bidaztienak bezala
haiek ere laztan aztarnak ezabaturik.
Gau itzala abailtzen denean,
oinak esploratzaile gisan,
ferekatzen dute espazio estrainoa,
ahoak bilatzen ditu
inmensidade azpian hondar lorezko ezpainak,
esku dardartiek dunak errekorritzen dituzte,
bular menditsuak balira bezala.
Goizak harrapatzen ditu lurrari maitasuna egiten
muino berri baten aldean.
Denbora, nostalgia 45.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia