Bat edo bitan maite izan nuen
(oroipena aintzinako munduetako nebulosa amatatua da)
desio erantziak maitatzen diren legez,
ekintza errepikaezina maitatzen den legez,
Ahotsa sakona, ozena zuen,
paradisu galduak ezagutzen dituenarena bezalakoa;
niretzat abesti goxo, guria izan zen hala ere.
Amodio Jainko egin zuten
leinuen hondarra seguruasko
Bat edo bitan bilutsik ikusi nuen,
hain garbi, zurbila,
itzal zuriak ez zidan ukitu ere.
Garai batetan haren gorputza
zeruertzeko arraietan nahastua zen
(itsaso galdua bihurtu nintzen beso artean).
Bizitzaren misterio aitorrezina erakutsi zidan.
Orduan aspaldiko derrotaz,
atzoko hondamenez jakin nuen
(instanteak ziruditen mendeetan).
Maitatu nuen hangoetan ere,
ilunabar agonalak maitatzen diren legez,
ilbehera, itzuli gabeko eternitatea
maitatzen diren legez.
Denbora, nostalgia 47.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia