Bide asko, batzuk urrezkoak jainkoen ohantzeak bezala
besteak izerdizkoak gizonaren eskukoak
errekorritu izan dut.
Bizitza duena su fatuosa gisa
ezeztatzen da mendeen siestan.
Estaltzen zintuen lainozko mantua
hautsi nuen eta zure enperadoregoa
gatzezko kristaletan aldatu,
beduinoek gordetzen dutena
(bizitzeko jaso behar). Itzala oasi berdea zeharkatzen
eta ahantziak landa beztitzen laga nuelakoan nago.
Ez dago hobirik nire aitarentzat.
Haizeak, palmondoen esku artetik
gloria urruna abesten du entzuten ez duenarentzat.
Denborak bakarrik nahasten du harearen simetria.
Ez da inon entzuten oilarraren hotsa.
Ez du ezerk lasaitzen aleen tristura
sekulako karabanen oinatza,
hurien edertasunak zirriborratutako
basagalduaren bakardadeak oihartzun fidela bezala
garraiatzen du nire hegalen errautsen memoria.
Persepoliko sutean erre nintzen.
Ilargi erdibituaren minez isuri zen esklabuen odola.
Tonbuktu, zu izan zinen desertuko larrosa
(eroriak zure orguiloan hartzen du zentzua).
Zure hondakinak ez ditu inork desagertzen ikusiko.
Denbora, nostalgia 48.
© Felipe Juaristi "Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia