Beti da berandu —ezerezaren ziurtapena—

gelari hilobi usaina dario —ausentziaz kolorgaldutako izarak.

Beti da berandu —denbora kartzelatua—

Amodio berriek —lore ebakiaren egarria—

hartzen dute zaharren lema —mapamundi akartonatua—

Zein arima eskuzabalek jaso, sendatu, auzokoei erakutsiko die?

Badaude sortu aurretik zahartutakoak —poema isilkaria—

Badaude betiro errearren berpizten direnak —Fenixen saioa—

Batzutan nahikoa da putz egitea bihotza zuzpertzeko.

Inoiz bizi ez direnak —gauaren seta— amaitzera etsitzen ez dutenak.

Inoiz maitatu ez dutenak —bakardadea idatzia esku-ahurrean—

behin ere galtzen ez dela sinesten ez dutenak.

Untzi berriek —ozeano partituaren oinazea—

hartzen dute zaharren hezurdura.

Egunak batak besteen atzetik desitxuratzen dira —berehalatasun kontzientzia—

eta hileak eta egunak eta geltokiko trenak

eta eguneroko bideak —kontinente absurdoak—

batzutan ordenaturik errejimentuak bezala,

eguzkia eta gizonak, animalia monotonoak,

abenturarako aukera ezean beti bera hartzen badute ere.

Beti da berandu —printzesa desprimatuaren xilioa—

eguerdian tronorik gabe gelditzean.

Maitatzaile goiztiarrek —infidelidade zuhaitza—

fereka abandonatzean —tristeziazko harresia—

Ez dago erramu koroirik bakartiaren buruan.

Ez duzu gaurra arnasartzen.

Amaren zatia izan nahi zenuke.

Eta poesia, ez bizitza, momentu madarikatuetako

maitasun ezinezkoen kutxa izatea.

Beti da berandu —esistentziaren teorema—

Astintzen zaitu samurtasun iheskorrak.

Beti da berandu —denbora apelaezina—.

 

Denbora, nostalgia 49.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia