Elkarketa ustegabekoek,

haietan bilatu zintudan neu aurkitzeko,

sortu zituzten oraingo hondakinak;

asfalto gainean euria, labaina zorrotza,

bere behatzen aztarrenak margotuz elurraren ariman.

Ahaztu zait poeta mozkorraren aurpegia,

alkoholetan sexo-gogoa despistatuz,

edaten zuen hitz gozoak ahazteko.

Denbora krudela, txori hilak besterik ez dira loretzen.

Bizitza pozoi suabea zela zioen.

Kutxarila ere odoleztatzen da suaren kontaktoan.

Ibai gainean idazten zuen eta ura irekitzen zitzaion zauria bezala.

Ez dakit zer ospatzera etorri naizen etxera.

Bada sasoia sukaldean berorik ez dagoela

eta hotzak forma hartzen du beso tatuatuetan

orratz-begiak ametsari ahoa ixten dionetan.

Sabaiaren zahartasunari begira nago.

Beldur nintzen sartzeaz eta zu aurkitzeaz

nire zainetan konpartitu zure bakardade mortua

ebitaezina uhin boluptuosoa presaka dela jakinaren gainean.

Ez dakit zu gabe hegan egiten.

Ez naiz gelaren sarrera bilatzen ausartzen.

Beldur naiz joatean bustitzeaz

teilatu-hegalen kontra jotzeaz

txori itsuak bezala.

Denbora krudela, sentitzen ditut iltzeak nire gorputz kruzifikatuan.

 

Denbora, nostalgia 52.

 

 

 

© Felipe Juaristi

 

 

"Felipe Juaristi: Denbora, nostalgia" orrialde nagusia