GIZONAK EMAKUMEA EDUKIKO

 

Lur azaletik irten eta bizi egiten zen gizona, hil arte. Lurtarra zen benetan, Ama-Lurraren lurretik zuzen jaiotzen baitzen —jainko asko bezala, satorra edota pikondoa. Baina hilgaitza ez zenez, heriotzarako sorten zuen Ama-Lurrak.

        Egoera hau uzteko denbora betea zegoen eta jainkoen ondotik aldentzeko unea heldu egin zitzaion gizonari. Ohiturak agintzen zuen bezala, azken agurrak egiteko txango handi bat egin ohi zen, idi bat hil eta bi zatitan bereizi. Banatu, jan eta adio esan.

        Prometeo izeneko titana izan zen bitan idia banatuko zuena. Titan-seme azkarrenetatik azkarrena zen Prometeo, Japeto-ren semea. Baina Zeus-i nola eztena sartu zebilen. Idia hil eta bi zati antolatuz, itxuraz ederrena Zeus-i eskaini zion, bista txarrekoa gizonarentzat baztertu. Baina idi larru eder beltz haren barruan heste, errai eta hezur besterik ez zuen ipini. Gain eder eta barru zakar. Gizonarentzat antolatutako sabelsare nazkagarrian bildurik, berriz, haragi okela mami txitxi guztiak.

        Neurriko zapata topatu zuen horratio Prometeo-k, berak botatako enbidoa Zeus-ek altxatu eta gizonak hondatzeko modua asmatzen hasi baitzen.

        — «Zakur sona badaukazu, Prometeo, baina erokeria handia duzu akuilua ostikoz jotzea!» Zeus-ek.

        Prometeo-ri abixua eman eta gizonei sua ukatu. Hori egin zuen Zeus-ek. Lizarrak erretzera ez zuen gehiago tximistarik bidaltzen eta gizonak hotzak akabatzen zeuden, ezin ezer berorik jan eta lo egiteko ere berotu ezinik. Astoari lastoa, ai asto gizajoa!

        Baina Prometeo azkarra ez zen eskuak gurutze egoten diren horietakoa eta Zeus-en tximistatik sua lapurtu eta kanabera baten lora iharrean gorde egin zuen. Horra hor Prometeo kana heze delako horretan errautsontzi antzekoa eginik gizonari sua erakartzen.

        Gozoa jarri zen, Zeus, Olinpotik gizonen suteak ikustean! Begitik txinpartak irteten zitzaizkiolarik, gizonei behin betirako kontuak garbituko zizkiela aditzera eman zuen. Eta suaren truke beste su bat asmatu zuen haientzat.

        Buztina ongien egosten zekien jainkoarengana jo zuen Zeus-ek, eta emakume gazte eder bat eratzeko agindu bazion, bai ederra eratu ere Hefesto trebeak! Begi urdineko Atenea jainkosak eztei-soineko zuri apaina eta gerrikoa ezarri zizkion; eskuz bordatutako buruzapi zuria gero, eta azkenean, bere koroiaz ederretsi zuen. Edertasuna eta neska eder hura mailu beraz joak zirela zirudien! Azkenik Afrodita-ren ukituak sexi utzi zuen, edozein gizonen desio desiragarrienak asetze adinako!

        Zeus-ek esan zion bezala, Hermes-ek zakur maltzurkeria sortu zion buruan eta lapurren grina bihotzean.

        Begietan jota gelditu ziren Olinpo-ko jainko guztiak andre ale eder harekin buruz buru topo egin zutenean. On baten truke gaitz hura Zeus-ek bakarrik asma zezakeela zioten, bai eta gaitz hark gizonen zoko-bazterrak ongi asko harrotuko zituela ere. Pandora, «jainko guztien partetik eskainia», deitu zioten opariari, gizonen gaitz guztien iturri izango zen opari hari.

        Gizonei esanda zegoen Prometeo, Zeus-en oparirik ez hartzeko eta atzealdea emateko, hamaika eta erdiak eman nahian zerabilkiela eta. Baina emerik ez zeukatelako edo, emakumeaz liluraturik, hartu egin zuten oparitzat. Harekin batera gaitz guztiak etorri zitzaizkien gizonei. Zein izaten den leloa, hanka biko astoa! Anarteraino gizonen artean ez zegoen lan egin beharrik, baina handik aurrera, jan behar baduk, lan egingo duk. Erleak erlalferrarentzat lan egin behar duen antzera beharko du gizonak ere, andrearen sabela betetzearren. Soroak ereiterakoan, laborariak egin ohi duen bezala, beharko du gizonak ere egin, semerik nahi badu behintzat: andrea goldatu eta bere ildoan hazia bota. «Entzun gizon, su lapurtuaren neurri berdineko zaizuke andrea. Honen xarma, laket-gogo eta lizunak erre eta kiskali egingo zaituzte su baten antzera, arratsero sorotik unaturik etxeratzen zarenean. Astoa mendian gora, haren putzak hire kolkora, gizon gizajo hori!»

        Berarekin, ondo itxirik, pitxar handi bat zekarren Pandora-k, eta estalkia ireki zuenean, gaitzak eta eritasunak libratu egin ziren eta gizonen artean sakabanatu. Pitxarra ez zen guztiz hustu ordea, gaitz guztietatik gaitzena bertan geldiarazi baitzuen sekula betiko Zeus-ek. Estalkia ezarri eta itxaropena han gelditu zen, barnean. Handik gero horixe besterik ez daukate gizon-emakumeek bizitzan etsitzeko.

 

 

© Mikel Azurmendi

 

 

"Mikel Azurmendi: Kontu kontari Grezian barrena" orrialde nagusia