GURE JATORRIA
Giza-jatorria bazihoan aurrera. Amaren sabeletik sehaskara, gero zutik eta azkenean etzan. Daukanak eduki, galtzeko zorian beti! Ez daukanak ere daukanarekin pozik, orduan aberats. Horra bizitza, izatetik ez-izatera, zubi eta zalaparta, pasadizo latza. Otsailean oiloto, martxoan oilo, apirilean ez oilo ez lasto. Maite nauzula dinozu, nik ere maite zaitut zu; eta berehala: maitia nun zira? nik etzütut ikusten, nurat galdu zira? Larrosa gozo usain tsua bizitzea: zimeldu eta arantzak geratu.
Gerta, zera gertatu zen, Pandora-ren alaba eta Prometeo-ren semea ezkondu egin zirela. Deukalion eta Pirra senar-emazteak, bizitzan lekua hartuta zeuden, mentura onetan zoriontsu eta nahigabetan estu. Gaitz eta on nahasian; beti gaitzak bere on eta on gaitzik gabe, inoiz ez.
Baina Zeus ez omen zen oraindik giza-jatorriarekin ongi etortzen eta leporaino beteta, mara mara zeruak bota ahalean da euria.
Bota eta bota, atertzen ez. Bederatzi egunetan ari izan zuen euri-jasa lurgainean, eta galbide haren usaina hartuta nonbait, Deukalion eta Pirra Pandora-ren pitxarrean gorde ziren; esperantza barnean omen zegoen.
Urak gora eta gora, lurgainak oro igo, mendi garaienak ere estali.
Bizitzan ez zen Deukalion eta Pirra baizik geratzen. Beste inor ez; ezer guztia ura zen. Eta urek zerabilten pitxar barneko bi gizatiar bakun haiek Zeus-i otoitz bat. Prometeo-ren ezpalekoa izan Deukalion! eta gizatiar jatorria lur jota ikusteak honi erraiak jaten. Gizon-emakumezkorik berriz ere sor dadila lurrean, eskatu dio Zeus-i, eta odol-opari bat eskaini. Gogoz hartu zuen Zeus-ek, urregorria baino gehiago. Zeus bihozbera.
Eta urak behera. Deukalion eta Pirra pitxarretik jaitsi eta atzealdera harritxoak botatzen dituzte. Lurgainera heldu orduko, harriak gizon bihurtzen dira senarrak bota baditu, eta Pirra-k bota dituenak, emakume bihurtzen. Horiexek dira munduko arraza guztien arbaso eta jatorri. Deukalion-ek eta Pirra-k izan zuten Heleno izeneko semea omen da, berriz, greziarren asaba zaharra.
© Mikel Azurmendi
"Mikel Azurmendi: Kontu kontari Grezian barrena" orrialde nagusia