IV Mimoa
Ostatua
Ostatu, arkakosuz betea, bere odola xurgatu diozun poeta honek oles dagizu. Eta ez gero gau batez, estrata ilunaren bazterrean, babestu duzulako; bidea lokazturik dago Hades-era doana bezala, baina zure kamainak xehaturik daude, zure argiak lausorik; zure olioa mindurik, zure taloa lizundurik, eta azken udazkenaz gero, zure intxaurrak har zuriz josita dauzkazu. Baina poetak bere eskerrona agertzen die Mugara eta Atena-tik zetozen urde saltzaileei, hauen korrokadak lokartzetik eragotzi bait diote (zure hormak, ostatu, meheak dira), eta halaber eskerrak ematen dizkiet zure arkakosuei, zeinak gorputz guzia ausikiaz itzarturik eduki bai dute, hedeetan barna saldoka zetozten bitartean.
Ze, loaren faltaz, ilargiaren esne zuria dastatu nahi bait zuen hormaren zirritu batetik, eta horretan zetzala emakume-tratulari bat ikusi zuen ate joka, gauaren erdian. Tratulariak oihuka zioen: «Mutiko, mutiko!». Alabaina jopua buruz behera zurrungaka zetzan eta bere beso kurutzatuez maindireekin belarriak eztalirik.
Orduan poetak soineko laru bat jantzi zuen, eztaietako beloen kolorekoa; kurubilez jositako soineko hau neska kaskarin batengandik zuen, beste amorante baten mantoiarekin ihes egin zueneko goizean. Horrela ba, neskamea bailitzan, atea ireki zuen; eta tratulariaren ondotik emakume andana bat sartu zen barnera.
Azkenengo neska gazteak ukabila bezain titi gogorrak zituen; guttienez hogei mina balio zuen honek.
Aizu neskame, esan zuen, akitua nago; non da nire ohea?
Horra ba andereino hori, esan zion poetak, zure lagunek ostatuko ohe guztiak okupatu dituzte; zure neskame honen kamaina besterik ez duzu libre; nahi izanez gero bertan etzan zaitezke.
Neska gazteon ugazaba zen gizon mixerable hark kriseiluaz poetaren betartea argitu zuen; eta neskame arrunt bat zela ikusirik, ez ederregia ez dotoregia, ez zuen tutik esan.
Ostatu, odol-xurgatua izan zen poetak eskerrak ematen dizkizu. Neskamearekin oheratu den emakumea ahate luma baino guriago zen, eta haren lepo lurrindua fruitu helduaren pare. Baina guzti hau ixilpean gordea izan zen, ostatu, zure kamainetako berriketatik urrun. Poeta bildur da Megara-ko zerritxoen «kurrin, kurrin»en sasi esamesen bitartez jakiten baduzue gure poetak amodio lizunak dituela, zatozte ostatura ikus dezazuen ukabila bezain titi gogorrak dituen eta bereganatu zuen neska laguna, arkakosuek marraskatzen zioten bitartean, gau ilargitsu batez.
"Marcel Schwob / Mimoak" orrialde nagusia