IX Mimoa
Emakume amorosa
Bertsook irakurriko dituztenei erregutzen diet, otoi, bila dezatela nire jopu ankerra. Nire gelatik aldegin du gauerdi ondoren bigarren orduan. Hiri bithyniar batetan erosi nuen eta eskualde hartako usaina nabari zitzaion. Bilo luzea zuen eta ezpain gozoak. Leka baten antzera zorrozturiko untzi batera igo ginen. Eta marinel bizardunak ez ziguten ilea mozten eta depilatzen uzten, ekaitzen bildurrez; eta katamotz nabar bat itsasora jaurtiki zuten hilberriko argitan. Untzia bultzarazten duten zurezko ohol eta lihozko oihalek, eroan gintuzten Pontiko itsasotik zehar, non uhainak ilunak diren, Thraziako itsasegiraino non eguzki berritan aparraren ildoa purpura eta azafrauzkoa den. Eta Zykladak ere zeharka eta Rhodas-ko uhartea jo genuen. Handik gertu kasko zorrotzetik lehorreratu ginen beste irla ttiki batetara zeinen izena sekulan ez dudan aipatuko. Ezen hango harpeak huntza gorriez sareturik eta ihi berdez josirik daude, belardiak esnea bezain guriak, eta zuhaitzetako baiak oro, direla gorri-ilun, direla beira tantak bezain argi, edo enararen burua bezain beltz, zuku deliziatsu bat gordetzen dute arimaren suspergarri.
Ez dut deus esango irla honetaz, misterioetan iniziatuek bezala. Zorionezkoa da eta ez dago itzalik bertan. Uda oso batez amoros izan nintzen. Udazkenez untzi zapal batek ekarri gintuen landa honetara. Ezen nire diru arazoak utzi samartuak bait nituen eta dirua pilatu nahi nuen honako hau zeta finezko tunikaz jazteko. Eta urrezko besokoak eman dizkiot, elektroiez trentzaturiko makilak eta itzalean dizdiz egiten duten harribitxiak.
Errukarria ni! Nire ondotik jaiki ez da ba eta ez dakit non kausitu. Urtero Adonisgatik nigar egiten duzutenok, ez itzazue mespretxa nire aieneak! Gaizto alen hori zuen eskuetara baletor, burdinezko katea bat irun ezazue haren inguruan; lot itzazue haren zangoak zerrailetan; zokora ezazute harri lauzezko presondegira; kurutzefika ezazue eta borreroak sarde batekin lepoa bihur biezaiote; oinaze
muinoaren bazterrak oro bihiz erein itzazue, erruz, miruak eta beleak gorpuarengana azkar bildu daitezen. Baina hobe (ez bait dut konfiantzarik zuengan eta ziur naiz pontze harriaz leundutako azal horretaz errukituko zaretena) ez dezazuen ukitu, ez eta ere zuen behatz punta delikatu horiekin. Igor iezazkiozue zuen mezulariak; ekar diezadatela puntuan; ni neuk zigortuko dut eta; Alajainkoa, maite dut, maite dut.
"Marcel Schwob / Mimoak" orrialde nagusia