XVI Mimoa

Hiletako esku-ikusiak

 

        Lysandro-ren hilobian zumezko azpil berde bat, kriseilu gorri bat eta zilarrezko edontzi bat ezarri ditut.

        Azpil berdeak une batez (zeren urtaroren batean xahutuko bait da) gure adiskidantza gogoratuko dio, bazka belar berdea, bazkan ari diren ardien bizkar arkotua, eta elkarrekin lokartu genueneko itzal freskoa. Eta lurreko elikadurez oroituko da, eta anphorak elikagailuz hornitzen direneko neguez.

        Kriseilu gorria, eskuak loturik eta hankak trentzaturik dantzan ari diren emakume biluztuez apainduta dago. Olioaren usainaz lurrunduko da buztina, eta hartaz egina dagoen kriseilua, apurtuko. Horrela bada, Lysandrok ez du berehala ahaztuko, lurpeko bizitzan bere gau zoriontsuak eta lanparadiak argitu zitueneko gorputz zurizkarak; eta gainera berau erabilia izan zen bere mihi goriarekin beso eta izterretako biloak kentzeko, ukimen eta ikusmenaren plazer haundienaren faboretan.

        Zilarrezko edontzia pujaz eta urrezko mahatsmordoz koroaturik datza; Jainko zoro batek bere thyrsoari daragio eta badirudi Selene-n astoaren muturrak oraindik usain dagiela. Ardo garratzez beterik egon zen, hutsa eta nahasia; ahuntzen larruz lurrinduriko Chios-ko ardoez, eta buztinezko ontzietan aidean zintzilik freskaturiko Egin-eko ardoez. Lysandrok bertatik edan izan zuen bertsoak errezitatzen zitueneko oturuntzetan eta ardoaren arimak poesiaren demonioa sarrarazi dio eta lurreko gauzen ahaztea. Horrela demonioaren eitea bere ondoan luzaroan oraindik biziko da; eta azpila usteldu dadinean eta lanparadia apurtu, iraungo du zilarrak bere hilobian. Aileza maiz hustu ahazteaz beteriko edontzi hau gure artean gozatu zuen mementu ederren gorazarrez!

 

 

"Marcel Schwob / Mimoak" orrialde nagusia