I
MERITU ETA ZERBITZUAK

 

        Mutiko gizajo luze flaku, beilara zen honako hau, begi beltz sendo, kopeta garbi eta munduko eskurik ederrenen jabe, zarpailki jantzia, harro antza eta umore jasanezinezkoa. Hemeretzi urte zituen eta Gil Gil zen deituraz.

        Gil Gil gorteko zapatagilerik onenen seme, iloba, birloba... eta Jainkoak jakin zer gehiago ote zen eta mundura argitaratzean heriotza erakarri zion Crispina Lopez bere ama zenari, zeinaren aita, aittona, birraitona eta abarrek ogibide bera ohoratu zutelarik.

        Juan Gil gure heroi malenkoniatsuaren legezko aitari ez zitzaion semearekiko maitasuna hasi bizitzaren ateetan oinez joka ari zela jakitean, baizik eta amaren altzotik banandua zela jakinarazi ziotenez geroztik, sortze honek emazte gabe utziko bazuen ere; honengatik esango nuke zapatagintzaren maisu gaixoa eta Crispina Lopezen artekoa, ezkonaldi motz baina antzuen eredua izan zela.

        Hain motza izan ere zeren motzago ezinean gertatu zen, neurri batean benedikazio fruiturik utzi zuela kontutan harturik... Honen bidez, Gil Gil zazpikia zela adierazi nahi dut, edo hobeto esanda, bere gurasoen ezkontzaz gero zazpi hilabetetara jaioa zela, gauza bera frogatzen ez duena. Itxurak soilik juzkaturik, alabaina, Crispinak senarrak egindakoa baino negar ugariagoa merezia zuen; aitaren zapata-dendatik berera igarotzean, edertasun apartakoa eta ohe zein janzteko arropa ugari ez ezik dotez, oso bezero dirutsua eraman baitzion, zein eta konde bat, Rionuevoko kondea!, zeinek, hainbat hilabetez (zazpi uste dugu) bere oin fin eta hauskorrak, Jainkoaz gozatzen duten Crispin eta Crispiniano saindu martirien ordezkari apalena zen Juan onaren lantegi zatarrean jantzi baitzituen.

        Halere hauetako ezerk ere ez du zerikusirik orain nire Heriotzaren laguna bataiaturiko ipuin honekin.

        Bai jakin behar duguna da Gil Gil umezurtz geratu zela, hau da zapatari ondratua gabe, 14 urtetako adinean, bera ere jostun iaio bilakatzen zegoela eta Rionuevoko konde prestuak, umezurtzaz urrikaldurik edo bere argiaz liluraturik, Jainkoak jakin, laguntzaile moduan eraman zuela jauregira, kondesaren mespretxu eta narda jasoz ordea, ordurako Crispina Lopezengandik erditu umearen berriaren gainean zegoelarik.

        Gure heroiak nolabaiteko heziketa jasoa zuen, irakurri, idatzi, zenbatzen eta kristautasun bidea, honela latinari ekin ahal izan zion kondearen etxera maiz sartu ohi zen jeronimotar abade baten eskutik, eta egia esan Gil Gilen bizitzako urterik zoriontsuenak izan ziren hauexek; zoriontsu diot, ez atsekaberen faltan zegoelako (kondesak handiak ematen zizkion eta, mementuoro eztena eta aihotza oroitaraziz), bere babeslea gauero Monteclaroko dukearen etxera lagundu ohi zuelako baizik eta duke honek alaba bat zuen bere ondasun eta zeukan eta izango zuen errenta ororen ustezko premu bakar eta unibertsala zena, ederra oso, aita aski itsusi eta zatarra zen arren.

        Hamabi udaberrik laztandua zen Elena garai hartan Gil Gilek ezagutu zuenean eta laguntzaile gaztea etxe hartan oso famili prestu eta xahutu baten semetzat jotzen zutenez, Rionuevoko kondearen kupidazko gezurra, neskatxo aristokratikoak ez zuen gaizki ikusi berarekin mutikoek jolasten duten jokoetan jolastea eta, txantxetan bazen ere, senargai deitura ematera iritsiz eta laztanen bat lapurtuz ere bere hamabi urteak hamalau bilakatu zirenean eta bestearen hamalauak, hamasei.

        Honela beste hiru urte igaro zen.

        Zapatariaren semeari sasoi hartan dena luxu eta plazerrez apaindurik azaltzen zitzaion; gortean barneratu zen, jaun prestuekin harremanetan jarri, beren bizikerak jaso, frantsesez totelka egiten zuen (oso modan orduan) eta, azkenik, zaldiketan, dantzan, ezpatan, zertxobait xake jokoan eta nigromantzia apurtxo bat ere ikasi zuen.

        Hala guztiz ere, Heriotzak hirugarren aldiz hartu zuen gorputz bere aurrera eta oraingoan inoiz baino ankerrago, gure heroiaren etorkizuna zapuzteko. Rionuevoko kondea hilik gertatu zen ab intestato, eta kondesa alargunak, bere senarra zenaren babestuari bihotzez gorroto ziolarik, begietan negarra eta ahoan pozoi, etxea abandonatzeko esan zion, bere han egoteak, senarrarena gogorarazten ziola eta honek tristatu baizik ez zuen egingo.

        Gil Gilek, amets zoragarri batetik ernatzen ari zela pentsatu zuen edo amesgaizto baten gatibu zela beharbada. Ia betarik ez zuen izan, laga nahi izan zizkioten jantziak hartu eta malkotan urturik, jadanik bere aterpe beroa ez zen hura abandonatzeko.

        Pobre, ez familia, ez eta gordetzeko altzorik, gixajoak gogoratu zuen Las Vistillas izeneko auzategiko kaletariko batean atari apal bat eta hor kutxa batean sarturik zenbait zapatagintzarako tresneria zeukana, guzti hura auzoko atsorik atsoenaren esku zegoelarik, zeinaren etxean Juan Gil bizirik zegoela laztanik eta baita goxokiak ere hartua zelarik. Haraxe bada, abiatu zen; atsoak oraindik zirauen; tresnak modu onean zeuden eta atariaren alokerak urte horietan zehar zazpiren bat doblo sortu zion, atsoak pozaz malkotu ondoren eman egin zizkionak.

        Gilek amona zaharrarekin bizitzea erabaki zuen, zapatagintzan ihardun eta bai zaldiketa, armak, dantza eta xake jokoa ere zeharo ahaztu, baina inolaz ere ez Monteclaroko Elena!

        Azken hau ezinezkoa egingo zitzaion.

        Konprenitu zuen, halere, berarentzat hilik zegoela edo alderantziz eta agortezinezko amodio honen gainean hilarria ezarri aurretik, aspalditik bere arimaren arima zenari agur gorengoa eman nahi izan zion.

        Honela, gau batez, bere zaldun arroparik hoberenaz jantzi eta dukearen etxerantz abiatu zen.

        Atean, hedeak jadanik estuturik zeuzkatela, lau mandozko kotxea zegoen.

        Elena bere aitaren gibelean igotzen ari zen.

        — Gil! —gozo oihu egin zuen mutila ikustean.

        — Goazen! —hots egin zion dukeak gidariari, ez alabaren ahotsik entzun ez eta Rionuevoko laguntzailea ikusi ere.

        Mandoak arrapaladan abiatu ziren.

        Gizajoak agurtzeko betarik gabe, besoak luzatu zizkion bere amodioari.

        — Ia! —marmartu zuen atezainak— itxi egin behar da eta! —Gil bere zorabiotik itzuli zen.

        — Badoaz! —esan zuen.

        — Bai horixe: Frantziara! —ihardetsi zion atezainak lehor, atearekin muturretan emanez.

        Behin ere baino etsiago bihurtu zen etxera laguntzaile ohia, erantzi eta arropak gorde zituen; ahalik zatarren jantzi zen, ilea moztu eta aurpegian hazi berria zitzaion bizar izpitxoa ere kendu zuen; biharamunean Juan Gilek berrogei urtez, orkoi, aihotz, ezten eta aberaska hondakin artean berotu zuen aulki korrokoilduaren jabe egin zen.

        Honelaxe topatu dugu ipuin honen hasieran, Heriotzaren laguna izenburu duena, dakizuenez.

 

 

 

© Pedro Antonio de Alarcon
© itzulpenarena: Anjel Valdes

 

 

"Pedro Antonio de Alarcon: Heriotzaren laguna" orrialde nagusia