17
Iritsia naiz mundura haurrak ekartzea garrantzirik ez duen edade batetara, eguneroko plazerez landa, ezerk inportantziarik ez duen bidarte horretara. Apenas dudan antsiarik. Oroimenak eta ahantziak pilatzen zaizkit, nire barruan jostatzen dira eta batzuetan eztanda egiten dute. Ez dut aspaldian dudatan zorabiatzeko espiriturik.
Marta ez dut gehiago ikusi. Kurtzetatik etorri nintzenean aita aitzurtu ondoren ez zegoen, atzerriko unibertsitate batetara alde eginda.
—Zer egin diozu Martari? Ezin zuela hemen geratu esan dit barren. Atzo bertan hartu zuen abioia Londres aldera ikasketak bukatzeko esanaz.
Zain egon nintzen denbora luzetan. Ia egunero paseatzen nintzen haren etxeko miradore azpitik logelan haren itzala sumatzeko sikiera. Errekaduak utzi nizkion buzoian, iristerakoan jakiteko esperoan nengoela. Eta Udaletxeko lorezain sartu nintzenean lore bat uzten non ate ondoan, egunero diferentea, larrosa eta krabelinen barietate guztiak, anemonak, orkideak, bera aldakorra izatea inporta ez zitzaidala jakinarazteko; eta asteburuetan, oroit-loreak, gogoan nuela adierazteko. Eta hilean behin malbabiskoz egindako perfumeaz bustitzen nuen haren atea.
Ez zen itzuli.
Hala ere Bixenta zintzo portatu da nirekin. Hil zenean, orain lau urte minbiziaz, utzi zidan apopilo-etxea herentzian, auzoko katu eta zakur ezindu guztiak zaintzeko baldintzarekin.
Ziur nago neure buruarekin. Horregatik badakit nire bizitzan sartu direnak ez direla zorionak ematen duen egonarriz ibili.
Aita, barne-barnean gizon ona zela dakidan bezala, Kurtzetakoek ezarri zioten deabru fama merezi ez zuena. Ez zen gozoa izan haren bizitza. Maite izan zuen inori esan gabe. Bi almendro landatu zituen ama hil eta ni jaio nintzenean, esperantza landatzen zuelakoan: ama berriro ikusiko zuela; eta ni mardul, sendo eta guri haziko nintzela. Esperantzak erantzun zion biotan. Ahaztu zitzaion agian hiru, garren bat landatzea, ni betirako geratuko nintzela.
Kurtzetan ez da jende asko geratzen, zahar batzuez landa, baina han haizeak lehengo moduan jotzen du eta alde guztietatik eta Otamuno lehen bezain gorria agertzen da, ikusi nahi duenarentzat.
Etxeak, seguruenik, eroriko dira eta sasiek hartuko dute belarraren tokia. Baina hura izan da nik ezagunak ditudan edergarri guztien kutxa: ni asebetetzen nauten lore eta paisaiena.
Egurrezko kutxa sekreturik jendeak gordetako bitxiak, zetazko jantziak, kotoizko eta harizko izara bordatuak, egun solemneetan erakutsitako soinekoak, satena, tertziopeloa, larrua, zeta, ateratzen jarduten du. Hala moduz kurtzetarrek. Azkenean egurra besterik ez da ikusten.
Kurtzetan lurrak irauten du.
Eta hirian lurra utzi duten gizonen memoriak. Indargabea dena sorterritik kanpo.
Ohitu naiz hemengo bizitzara. Ofizio asko izan dut: lorezain hiriko lorategi eta parketan lau lore mota besterik sartzen ez nituelako bidali ninduten arte; harakin; tabernari eta azkenik garaje batetako zaindari. Zerbait ikasi dut gauetan estudiatzen saiatuz eta ez naiz kexatzen. Ondo lasai bizi naiz neure apopilo-etxearen jabe.
Bezeroekin kartetara jokatzen dut: urrea, kopa, ezpata eta bastoia.
Lau, maite izan ditudan emakumeak bezala.
Baina ez naiz berriro ixtorio bera kontatzen hasiko.
© Felipe Juaristi
"Felipe Juaristi: Intzensua lurrean bezala" orrialde nagusia