MUNDUOSTEAREN MEHATXUA
Rafael Dieste joan den mendearen hondarrean jaio zen, 1899an, Rianxo-n, A Coruña probintziaren hegoan, Arousa erriotik hartan. Rianxon jaio zela ez da biografiako datu betegarria, ez kolore emateko hutsa («non te vayas rianxeira...» ikasi nuen kantatzen txikitan), garaitsu hartan beste bi idazle galego handi sortu baitziren herri hartan: Daniel Castelao ahantziezina eta Manoel Antonio* abangoardiako olerkari marinela. Castelaoren Gauzak bildumako ipuin laburren antza suma liteke, baita itsas giroko Manoel Antonioren poemen zantzua ere, baina hemen harremanak eta eraginak aztertzen hasteko modurik ez, betarik ez. dugunez, aurrera egingo dugu.
Idazle joria izan zen Dieste, ia genero guztiak landu zituena narrazioa, saiakera, poesía, antzerkia, bai galizieraz bai espainieraz. 36ko gerra galdutakoan erbestera jo zuen, Buenos Airesera, hara eta hona bidaldi ugari egin bazuen ere, Cambridge-n irakasle eta beste. 1961ean itzuli zen Galiziara eta 1981ean hil, Compostelan.
Intxixuen Artxibotik da bere lehenengo obra eta, ausar nadin esaten, neure ustez beteena, ausartena, freskoena. 1926an eman zuen argitara, kazetari zela, Galizia kultur berpizkunde batean zegoela. Lehen argitaraldi hark oraingo liburuko lehenengo zortzi ipuinak biltzen zituen. Gainerakoak, garai beretsuan idatzi bazituen ere gehienak, 1962ko edizioan erantsi zituen.
Liburuak berehala lortu zuen arrakasta Galizian, ipuingintzako maisu-lantzat hartu zuten eta oraindik ere aintzat dute. Han. Bere mugetatik kanpo, apenas egin duen hegaldirik. Nazio txikien ajeak berriz ere. Rianxon ez baina Plymouth edo Cardiff-en sortu balitz, besterik zatekeen. Ezin hasiko gara ordea, betiko lantuak jotzen: irakurle euskaldunak behintzat badu aukera bere begiz irakurri eta preziatzeko, ipuin laburraren artista berezi honen lana.
Berezitasun nabarmenenetako bat, egileak atarikoan bere ipuingintzaren teoria nola ematen digun. Ipuina bezain izate labaina inoren legepera makurtzerik ez bada ere, Diesterena nik irakurri dudanik onena bezain ona bada, eta bere ipuinei egokitzeaz gain hori zuen errazena pentsarazi egiten duena. Atarikoak atarian utzi baina, eta sar gaitezen ipuinetan.
Ipuin izugarriak dira hemengo batzuk, eta izugarri onak gainera. Izuarekin jokatzen du, behin eta berriz, lehenengo ipuinetik hasita. Aise asma diezazkiokegu aitapontekoak Poe eta baina horrek ez liguke lagunduko egile honen ezaugarri berezkoenei antzematen.
Ipuinen erakarpenik indartsuena, nik uste, istorioei ematen dien tentsioan dago. Izua bera ere ez da beldurraren mamu nabarra, tentsio berorren tresna eta arma baizik («Ipuina irudi barneratu baten taupada duen larruazala da»). Baliabide unibertsala da hori, gaur egun beste inork baino gehiago zinemak erabilia, eta lege honekintxe funtzionatu ohi du: ezin igerri zer gertatuko den, baina gertatu ondoren, berori iruditzen zaigu logikoena.
Logikak zeresan handia du hemen. Ez da kasualitatea izango filosofiarekin batean egileak matematikak bereziki landu izana. Misterioa erakargarri zaio Diesteri, errealitateaz bestaldean dagoena, haraindia, idazleak berak dioenez «munduosteko mehatxua». Tentatu egiten du mehatxu horrek, hurbildu egiten da «ispilu metafisiko» deitzen dion horretara. Ispiluari begiratu bai, baina ez du bestaldera jauzi egiten. Aliziaren moduan zeharkatu beharrean gure munduan gelditzen da, herabe ala apal.
Gure munduan gelditze honek baditu bestelako ondorioak ere ipuinetan. Tragedia handirik ez duzu aurkituko, haietarako zirriborroak han-hemen ageri badira ere. Xumeago doa dena, sotiltasunez kontatzen dizkigu bizitza eta heriotzari dagozkion kontuak, gizatasunaren patu tristea, heroismoari beroarena kenduz beti ere.
Ikuspegi gazi-geza honekin batera, ipuin laburrenetan erretratu melankolikoak egiten dizkigu, pintzelkada inpresionistaz, dena lauso, oro laino mehe batek estalia. Baina kostunbrismotik urrun dabil halere: kontatzearen tradizio zaharra eta arte honen gozamena helarazten dizkigu ipuinotan, hiztegiaren aukera doi zehatza eginez; soberakorik batere ez, labur-labur, baina ekonomia horretan irudikor eta iradokorra izan behar duela ahantzi barik. «Beltza Zaharra» ipuinean adibidez, beste askotan bezala kontalari bat ari da bere jardunean, eta halaxe dio, halako batean:
«eta bibotearen mutur bat hartu zuen ezpainez, tupustean barrenetik gora zetorkiokeen grinaren bat haginka itotzeko. Ez dakit zergatik galtzen naizen ohar hauetan.
Ipuinak apaindu egin behar dira esan zuen bertakoren batek.
Bai, apaindu egin behar dira, oso ongi apaindu ere».
Apaintze eta kentze joeren arteko borrokaren arragotik estilo zaindu eta bere-berea lortu duen bezala, egunerokotasun eta ohiz kanpokoaren arteko teinka da, esan dugun legez, ipuin biribil hauen motorra, zeinetan dastatuko duzun izpiritu galegoaren saudade eta mingostasun guztia.
Xabier Mendiguren
* Bost urte barruan jaioak hirurak (1886-1990), Galiziako literatura modernoaren zutabeak dira: Castelao eta Dieste saiakeran eta prosan, Manoel Antonio poesian. Argitalpen honekin osatzen da hiruron ezagutze gurean. Susak Castelaoren lan ia guztiak euskaratu zituen (Beti Galizan, Gauzak, Betiko biak, Zirtzilak, Kristalezko begia), eta Manoel Antonioren Lauetatik Lauetara oparizko edizio batean zabaldu zen 1993ko Letra Galegoen hilabetearen kariaz. Haien bizitzak herri galegoaren irudia dira: militantzia politikoa, hizkuntzarekiko atxikimendua, erbestea... eta marinelaren kasuan, heriotza goiztiarra tuberkulosiak jota.
© Xabier Mendiguren Elizegi