3

 

        Ondoren gertatu zenaren berri Painek ez, Martinsek eman zidan jakitera handik denbora puska batera, gertakarien haria atzera osatu nuenean eta egiazki frogatu zuten —ez, ordea, berak espero zuen moduan— babo arraioa nintzela. Painek hoteleko harrera gelaraino lagundu bakarrik eta bertan hauxe azaldu zuen:

        — Gizaseme hau abioiz etorri berria da Londonetik. Gela bat emateko esan du Calloway koronelak.

        Hori argitu ondoren hauxe gaineratu zuen:

        — Gabon, jauna.

        Eta alde egin zuen. Lotsatu samarturik zegoen apika Martinsen ezpain odolduagatik.

        — Gela bat eskatuta daukazu, jauna? —galdegin zion atezainak.

        — Ez, ez dut uste —erantzun zuen Martinsek ahots motelaz, sudurzapia ahoaren kontra estutuz.

        — Mr. Dexter zinelako ustean nengoen. Gela bat eskatuta daukagu Mr. Dexterrentzat astebeterako.

        — Bai, neu naiz Mr. Dexter —esan zion Martinsek.

        Geroago kontatu zidanez buruak eman zion agian izen horrekin eskatuko ziola Limek gela bat, propaganda asmotarako Rollo Martins ez baina Buck Dexter baliarazi nahi zutelako. Ahots batek aldamenetik esan zion:

        — Sentitzen dut aireportura joan ez izana, Mr. Dexter. Crabbin dut izena.

        Mintzo zena erdi adineko gizon mardula zen, orrazkera arrunta eta Martinsek egundaino ikusitako kontxazko betaurrekorik lodienak zituena. Desenkusatzen jarraitu zuen:

        — Gure kidetako batek Frankfurtera deitzea suertatu eta abioian zeundela jakin zuen. Zentralak ohizko hutsegite ergel horietako bat egin eta telegrama bidez ez zentozela adierazi ziguten. Suediari buruz zeozer, baina hitz batzuk erdi janda zeuzkan telegramak. Frankfurtetik berria jaso eta zuzen-zuzenean aireportura jo nuen zu aurkitu asmoz, baina joanda zinen. Nire oharra jaso duzu?

        Martinsek sudurzapia ahoaren kontra estutu eta ahots lausoz esan zuen:

        — Bai, bai.

        — Lehenengo eta behin esan Mr. Dexter, bihotzondoko zoragarria ematen didala zu ezagutzeak.

        — Milesker.

        — Mutikoa nintzenetik pentsatu izan dut mende honetako idazlerik onena zarela.

        Martinsek kopeta zimurtu zuen. Min handia emango zion protestatzeko ahoa zabaltzeak. Haserre begiratua egotzi zion Mr. Crabbini, besterik ezin zuen, baina ezina zen gizon gazte hura adarra jotzen ari zitekeenik susmatzea.

        Austrian irakurle ugari dituzu, Mr. Dexter, jatorrizko nahiz itzulpen lanetarako. Bereziki Branka Kakotua, horixe dut nik gogokoena.

        Martins gogoeta sakonean ari zen.

        — Astebeteko gela aitatu didazu?

        — Bai.

        — Estimatzen dizut.

        — Hona hemen Schmidt jauna. Egunero emango dizkizu otorduetarako txartelak. Baina eskuko diru pixka bat ere beharko duzu. Hori gure kontu. Biharko eguna lasai eman nahiko duzu ezta? Inguruak ikusi eta...

        — Bai.

        — Jakina, gu denok zure esanetara gaude gidaria beharko bazenu. Bestalde, etzi arratsaldean lagunarteko mahai inguru txiki bat izango da Institutuan, mende honetako nobelagintzari buruz. Pentsatu dugu beharbada hitz batzuk esango zenituela eztabaidari hasiera emateko eta gero galdera batzuei erantzun.

        Martins une hartan edozein gauzari baiezkoa emateko prest zegoen, Mr. Crabbin gainetik kentzeagatik, baita astebeteko ostatutza osoa doan edukitzeagatik ere; eta Rollo, noski, geroago deskubritu nuenez, prest zegoen beti edozein eskaintzari baietza emateko: dela edari bat, dela neska bat, dela txantxa bat, dela jolas berri bat. Oraingoan honela esan zion: «Noski, noski» sudurzapiaren barrenetik.

        — Barkatu, Mr. Dexter, haginetako mina duzu? Haginlari ona ezagutzen dut.

        — Ez. Tipo batek jo nau, besterik ez.

        — Alajainkoa! Lapurreta egin nahian ala?

        — Ez, soldadu bat zen. Bere koronelari jo eta begiondoa ubeldu nahi nion.

        Sudurzapia kendu eta ezpainean zeukan ebakia Crabbini erakutsi zion. Kontatu zidan Crabbin harri eta zur gelditu zela. Martinsek ezin zuen hori ulertu ez baitzuen behin ere irakurri bere garaikide entzutetsua zen Benjamin Dexterren lanik: izena ere ezezaguna zuen. Neu Dexterren irakurle porrokatua naiz, horregatik ulertzen nuen Crabbinen txundidura. Henry Jamesen pareko estilistatzat hartua dago Dexter, baina eme kutsu nabarmenagoa dauka bere maisuak baino; halako moduan non, haren aurkakoek bere estilo guri, konplexu, zalantzakorra neskazaharrenaz alderatu izan baitute. Berrogeita hamar urtetan sartu gabeko gizon batek, orratz lanetarako joera nabarmena izateak eta bere buru lasai askoa baretzeko txolinkeriak ehuntzeko duen ohitura horrek —ezaugarri hau oso maite dute bere jarraitzaileek— egia esan beste batzuei atsogizon samar irudiarazten die.

        — Irakurri duzu inoiz Santa Fe-ko Jinete Bakartia izeneko liburua?

        — Ez, ez dut uste.

        — Zaldun bakarti honen adiskide mina —esan zion Martinsek— tiroz hiltzen du Lost Claim Gulch deritzan herri bateko sheriffak. Istorioa da nola sheriff horri jarraitu eta atzematen duen, legearen barruan beti ere, bere mendekua burutu arte.

        — Ez nuen imajinatu ere egin zuk westernak irakurtzea, Mr. Dexter —esan zuen Crabbinek, eta Martinsek ahalegin guztiak egin behar izan zituen Rollori hauxe esatea galarazteko: «Holakoak idazten ditut, bada».

        — Zera, bide berdinaz baliatzen naiz Callaghan koronela atzemateko.

        — Ez dut horren aditzerik.

        — Harry Limeren aditzerik bai?

        — Bai —esan zuen Crabbinek zuhurki— baina ezagutu, ez nuen ezagutzen.

        — Nik bai. Nire adiskiderik onena zen.

        — Ez nuen uste literaturzalea zenik.

        — Nire adiskideak ez dira literaturzaleak. Crabbinen begiek keinuka egin zuten urduriaren urduriz betaurrekoen atzetik. Doinu lasaigarriaz honela esan zuen:

        — Nolanahi ere antzerkizalea zen. Bere lagun bat, aktoresa bera, ingelesa ikasten ari da Institutuan. Pare bat aldiz edo, bere bila joan zen.

        — Gaztea ala zaharra?

        — Gaztea, bai, oso gaztea, nahiz aktoresa aldetik nahiko eskasa, nire iritziz.

        Martinsi gogora etorri zitzaion aurpegia eskuez estalita hilobi ondoan zegoen neska.

        — Harryren lagunen bat ezagutu nahi nuke —esan zuen.

        — Seguru asko zure hitzaldira joango da.

        — Austriarra?

        — Berak hala esaten du, baina hungariarra ez ote den susmoa dut. Josefstadt Antzokian egiten du lana.

        — Zergatik nahi du austriarra izan?

        — Errusiarrak batzuetan hungariarrekin interesatuta daude. Ez nintzateke harrituko Limek paperekin lagundu izanaz. Schmidt izena duela dio. Anna Schmidt. Imajinatzen duzu aktoresa ingeles gazte bat Smith izena duela? Neska ederra gainera. Anonimoegi iruditu zait beti, egiazkoa izateko.

        Martinsek pentsatu zuen Crabbini ahal zuen guztia atera ziola; beraz, nekearen eta egun luzearen aitzakia eman, biharamun goizean telefonoz hots egiteko agindu, berehalako gastuetarako hamar librako balioa zuten bafs txartelak onartu eta bere gelara joan zen. Iruditu zitzaion dirua azkar bereganatzen ari zela: hamabi libra ordubete baino lehenago.

        Nekatuta zegoen: zapatak jantzita ohean luze etzan zenean konturatu zen horretaz. Minutugarrenean Viena atzean utzita urrun zegoen eta oinez zebilen baso itsu batean barrena, elurra orkatileraino iristen zitzaiolarik. Gauhontz batek ulu egin zuen eta bat-batean bakarrik eta izuturik sentitu zen. Harryrekin elkartzekoa zen zuhaitz jakin baten azpian, baina halako baso itsu batean nola bereizi zuhaitz bat besteetatik? Gero giza irudi bat begiztatu eta lasterka joan zen harengana: beronek doinu ezagun bat txistukatu eta bihotzondoan poza eta alaitasuna nabaritu zituen jadanik bakarrik ez zelako. Giza irudiak buelta eman eta ez zen Harry bera: arrotz bat zen eta irri maltzurra egin zion elur urtuzko soilune lokaztu batean; gauhontzak berriro uluka, atertu gabe. Supituki iratzarri zuen telefono hotsak ohe ondotik.

        Arrotz doinu pixka bat —pixka bat bakarrik— zuen ahots bat mintzo zen:

        — Mr. Rollo Martins mesedez?

        — Neu naiz.

        Gauza berria zen bera izatea eta ez Dexter.

        — Ez nauzu ezagutuko —zioen ahotsak alferrik— baina Harry Limeren laguna nintzen.

        Gauza berria zen, halaber, Harryren laguna zela zioen norbaiti entzutea. Martinsen bihotzak arrotzaren aldera egin zuen. Esan zion:

        — Atsegin litzaidake zu ezagutzea.

        — Kale kantoian bertan nago, Viena Zaharra kafetegian.

        — Ez zaizu inporta biharko uztea? Gauza bat dela eta bestea dela egun nekagarria izan dut gaurkoa benetan.

        — Harryk eskatu zidan zu ondo zaintzeko. Bere ondoan nengoen hil zenean.

        — Nik uste... —ekin zion Rollo Martinsek eta gelditu egin zen. Hauxe esatera zihoan «Nik uste nuen bat-batean hil zela» baina zerbaitek kontuz ibiltzeko aholkatu zion. Horren ordez, hauxe esan zuen:

        — Ez didazu zure izenik esan.

        — Kurtz —erantzun zuen ahotsak—. Zuregana joango nintzateke, baina, aizu, austriarrok debekatuta daukagu Sacherrenean sartzea.

        — Eta zer deritzozu bihar goizean Viena Zaharrean elkar ikusteari?

        — Ongi —esan zuen ahotsak— «erabat» seguru zaude, beraz, ordura arte ondo moldatuko zarela...

        — Zer esan nahi duzu?

        — Harry kezkatuta zegoen txakur txikirik gabe egongo ote zinen.

        Rollo Martinsek bizkarra ohean etzan zuen telefonogailua belarri ondoan zeukala eta pentsatu zuen: «Vienara etorri eta dirua egin bat». Horrekin hiru ezezagunek eskaini zioten dirua bost ordu baino gutxiagotan.

        — Lasai, moldatuko naiz elkar ikusi arte.

        Ez zion zertan eskaintza on bati uko egin beharrik, nolako eskaintza zen jakin arte.

        — Orduan, esan dezagun, hamaiketan Viena Zaharrean, Kärntnerstrassen? Traje marroiaz jantzita joango naiz eta eskuartean zure liburuetako bat eramango dut.

        — Ederki. Nola eskuratu duzu nire libururik?

        — Harryk eman zidan.

        Ahotsa txit goxoa eta zentzuzkoa zen, baina Martinsek gabon esan eta eskegitzearekin bat berez galdetu zuen bere kolkorako nolatan Harry hiltzorian hain seneratua baldin bazegoen ez zion telegramarik bidali bertan geldi zedin. Callaghanek ere ez al zuen esan Lime bat-batean hil zela, edo oinazerik gabe, ezta? ala berak ipini ote zituen hitz horiek Callaghanen ahoan? Orduantxe finkatu zitzaion Martinsi buruan Limeren heriotzan zerbait arraroa zegoelako ideia, zerbait hori deskubritzen polizia ergelegia izan zelarik. Bere kabuz argitzen ahalegindu zen bi zigarroren laguntzaz, baina loak hartu zuen, afaldu gabe eta korapiloa askatu gabe zeukala. Egun luzea izan zuen baina ez hori askatzeko bezain luzea.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com