4

 

        — Lehen begi kolpera gogoko gertatu ez zitzaidana —Martinsek kontatu zidan— jantzita zeraman ileordea zen. Ileorde nabarmen horietakoa zen, laua eta horia, kokotean zuzen moztuta eta ondo egokitu gabea. Zerbait faltsua egon behar du bere soilunea sotiltasunez onartzen ez duen gizon batengan. Zimurrak kontuz ipinita dauden aurpegi horietako bat zeukan gainera, makillaje bat bezala, begi ertzetako zimurrak, xarma, nortasuna adierazteko toki egokietan jarriak. Neska txolinen gustuko gertatzeko apaindua zela zirudien.

        Elkarrizketa hau egun batzuk beranduago izan genuen: arrastoa ia galduta zegoenean jaulki zidan bere istorioa. Viena Zaharrean eserita geunden, aurreneko goiz hartan Kurtzekin egon zen mahai berean, eta neskatxa txolinen aipua egiterakoan ikusi nuen nola bat-batean bere begi jazarriak nonbait finkatzen ziren. Neska bat zen, edozein neska bezalakoa, pentsatu nuen,.kanpoan presaka zihoana elur erauntsiaren pean.

        — Ederra?

        Bere begiratu galdua saihestu eta esan zidan:

        — Hortik kanpo nago betirako. Badakizu, Calloway, bizitzan momentu bat heltzen zaio gizonari, holako gauzei uko egiten dienekoa...

        — Bai. Neska bati begira zeundela iruditu zait eta.

        — Begira nengoen, bai. Baina, derrepentean Anna gogorarazi didalako, Anna Schmidt.

        — Nor da? Ez al da beste edozein neska?

        — Bai, nolabait.

        — Zer esan nahi duzu «nolabait» horrekin?

        — Harryren neskalaguna zen.

        — Zeureganatu behar duzu?

        — Ez da horietakoa, Calloway. Ez zenuen ikusi hiletan? Edariak ez ditut gehiago nahastuko. Daukadan ajeak bizitza osoan iraungo dit.

        — Kurtzena ari zinen kontatzen —esan nion. Kurtz hantxe omen zegoen eserita, Santa Fe-ko Jinete Bakartia nabarmankeriaz irakurtzen. Martins mahaira eseri zenean axai hutsezko gogo beroz honela esan omen zion:

        — Zoragarria da tentsioari nola eusten diozun.

        — Tentsioa?

        — Suspentsea. Maisu bat zara. Kapituluak bukatu ahala, jakinminez geratzen da bat...

        — Orduan, Harryren laguna zinen? —esan zion Martinsek.

        — Minena, uste dut —baina Kurtzek eten labur bat egin ondoren, bitartean bere garuna errakuntzaz ohartuko baitzen, hau erantsi zuen—: Zu kenduta, noski.

        — Kontaidazu nola hil zen.

        — Ni berarekin nengoen. Elkarrekin irten genuen bere etxeko ataritik eta Harryk lagun bat ikusi zuen kaleaz bestaldean, Cooler izeneko amerikar bat. Eskuarekin agurtu eta beragana joateko kalea zeharkatzen hasita zegoela, orduantxe jeep bat burrunba bizian izkinatik agertu eta harrapatu egin zuen. Berez Harryren errua izan zen, ez txoferrarena.

        — Norbaitek esan dit bat-batean hil zela.

        — Horrela izan balitz! Nolanahi ere, anbulantzia iritsi baino lehen hil zen.

        — Hitzik egin zuen, orduan?

        — Bai, oinazetan zegoela ere zurekin gogoratu zen.

        — Zer esan zuen?

        — Hitzak ezin ditut zehazki gogoratu, Rollo, utziko didadu Rollo deitzen? Berak horrela deitzen zizun beti gurekin ari zenean. Gogotik nahi zuen ni zutaz arduratzea iristen zinenean; zu zaintzea; itzulerako zure txartela ateratzea.

        Hori kontatzen ari zenean Martinsek hau esan zidan: «Ikusten duzunez diruarena ez ezik itzulerako txartelen bilduma ere egiten nuen».

        — Zergatik ez zenidan, bada, telegramarik bidali, bertan gelditzeko?

        — Bidali genuen, baina berandu iritsi zen telegrama. Zentsurarekin eta zona zatiketa honekin, bada, telegramek bost egun tardatzen dute batzuetan.

        — Ikerketarik egon zen?

        — Bai noski.

        — Badakizu poliziak zer uste txoroa duen? Zera, Harry azpijokoren batean nahastuta zegoela.

        — Ez. Baina Vienan mundu guztia dago nahastuta. Guztiok saltzen ditugu zigarroak eta schillingen trukea egin bafsekin, eta horrelako gauzak. Kontroleko Batzordean ez duzu kide bat bera ere aurkituko arauak hausten ez dituena.

        — Poliziak hori baino okerragorik aditzera eman nahi zuen.

        — Horiek txorakeriak asmatzen dituzte batzuetan —esan zuen zuhurki ileordedun gizonak.

        — Bada, oker daudela frogatu arte hementxe geratuko naiz.

        Kurtzek brastakoan burua biratu eta ileordea pitin bat okertu zitzaion. Esan zuen:

        — Zertarako? Ezerk ere ez du Harry berpiztuko.

        — Poliziako ofizial hori Vienatik botatzea lortuko dut.

        — Ez dakit nola.

        — Atzeraka aztertzen hasiko naiz, bera hil zenez geroztik. Zu bertan zinen, eta gizon hori, Cooler, eta txoferra. Emaizkidazu horien helbideak.

        — Txoferrarena ez dakit.

        — Forentsearen artxiboetan eskuratuko dut. Gero, Harryren neska ere badago...

        Kurtzek esan zion:

        — Samingarria gertatuko zaio.

        — Bera ez zait ardura. Harry zait ardura.

        — Ba al dakizu poliziak zeren susmoa duen?

        — Ez. Ordurako neure senetik aterata nengoen.

        — Ez zaizu burutik pasa —esan zion Kurtzek poliki— Harryren trapu zikinen bat atera zenezakeela?

        — Arrisku horrekin jokatuko dut.

        — Eta denbora asko beharko duzu, eta dirua ere bai.

        — Denbora badaukat, eta dirua, zuk zertxobait bidali behar zenidan, ezta?

        — Ez naiz aberatsa —esan zuen Kurtzek—. Harryri agindu nion zutaz arduratuko nintzela eta itzulerako abioia hartuko zenuela...

        — Ez kezkatu ez diruagatik ez abioiagatik —esan zuen Martinsek—. Baina apustu egingo dizut, libra esterlinatan, bost libra berrehun schillingen kontra baietz zerbait arraroa egon Harryren heriotzan.

        Botatze aldera bota zuen, baina ordurako gogoak argi esaten zion tartean azpilana zegoela, nahiz eta «hilketa» hitza oraindik gogora ekarri ez. Kurtzek ezpainetara bide erdian kafe katilua zeukan eta Martinsek arretaz begiratu zion. Botaldiak, itxuraz, kale egin zuen; esku irmo batek katilua ahoratu eta zarata pixka bat ateraz, zurrutadaka edan zuen Kurtzek. Ondoren katilua utzi eta honela esan zuen;

        — Zer esan nahi duzu zerbait arraroa?

        — Poliziari gorpu bat edukitzea komeni zitzaion, baina benetako azpikariei ere ez ote zitzaien berdin komeni?

        Hitz egin ondoren ohartu zen, guztiarekin ere, bota zuen salaketa burugabeak agian ez zuela Kurtz hain irmo utzi: harri eginda gelditu izanagatik agertzen zen beharbada zuhur eta lasai? Errudunaren eskuek ez dute zertan dardar egin behar; nobeletan soilik azalarazten da barne asaldura edalontzi bat haustean. Tentsioa maizago agertzen da aurrez deliberatutako ekintza batean. Inork ezer esan ez balu bezala edana zuen Kurtzek bere kafea.

        — Beno —beste zurrutada bat hartu zuen—, zer esanik ez suertea opa dizudala; hala ere, ez dut uste ezer argitzekorik dagoenik. Laguntzarik beharko bazenu eskatu niri lasai.

        — Coolerren helbidea nahi dut.

        — Bai noski. Oraintxe idatziko dizut. Hemen dago. Zona amerikarrean da.

        — Eta zurea?

        — Hor azpian idatzi dizut. Zoritxarrez zona errusiarrean bizi naiz; hortaz, ni ikustera ez etorri gau beranduan. Batzuetan gorabeherak izaten dira alderdi horretan.

        Itxurazko bere irribarre vienatar horietako bat bota zion, xarmantasuna pintzel fin batez poliki pintatua ahoaren eta begien inguruko zimurduretan.

        — Jakinaren gainean jarri —esan zuen— eta laguntzarik behar izanez gero... baina oraindik ere uste dut zentzugabekeria dela —Zaldun Bakartia ukitu zuen—. Pozarren nago zu ezagutu izanaz. Suspensearen maisu bat zara —eta esku batez ileordea berdintzen zuen bitartean besteaz, ahotik samurki pasatuz, irribarrea ezabatu zuen, inoiz existitu ez balitz bezala.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com