5

 

        Martins eserleku gogor batean jarri zen Josefstadt Antzokiaren barnealdean, artisten sarrerako ateondoan. Txartel bat helarazia zion Anna Schmidti arratseko emanaldiaren ondoren, bertan hauxe erantsiz «Harryren adiskide bat». Barnebide batek, txibistekiko gortinadun leiho txikiekin, eta argiak bata bestearen ondoren itzaliz, ageri zuen bertan antzezleak etxeratzeko prestatzen ari zirela, azukrerik gabeko kafe katilukada edatera eta gurinik gabeko ogia jatera, gaueko emanaldian iraun ahal izateko. Barnebide hori pelikula baterako eszenategi modura barnealdean eraikitako kalexka baten gisakoa zen, baina barnealdean ere hotza zegoen, baita txamarraz jantzitako gizon batentzat ere, beraz Martins zutitu eta gora eta behera ibiltzen hasi zen leiho txikien azpitik. Esan zidanez, Julietaren balkoiarekin asmatzen ez zuen Romeo bat bezala sentitzen omen zen pixka bat.

        Gogoetarako astia izan zuen: oraingoan lasai zegoen,

        Martins zen nagusi, ez Rollo. Leihoetako argi bat itzali eta aktoresa bat bera zebilen igarobidera jaitsi zenean, ez zuen atzera begiratu ere egin. Horrekikoak eginak zituen. Pentsatu zuen, Kurtzek arrazoi du. Denek dute arrazoi. Ergel erromantiko bat bezala portatzen ari naiz. Anna Schmidtekin hizketaldi labur bat egin, doluminak emateko ez besterako eta gero bidaiarako gauzak bildu eta banoa hemendik. Guztiz ahaztu zitzaion, esan zidanez, Mr. Crabbinekin zeukan korapiloa.

        Ahots batek dei egin zion bere gainetik «Mr. Martins!», eta gora begiratu zuen, bere buruaren gainean gortina artetik begira zeukan aurpegira. Ez zen aurpegi polita, sendo adierazi zidan, berriro edariak nahastu zituela leporatu nionean. Aurpegi jatorra soilki; ilea eta begiak ilun, hango argiarekin nabar ziruditenak; bekokia zabal, ahoa handi, liluratzeko asmorik gabea. Inongo arriskurik ez, iruditu zitzaion Rollo Martinsi, ezusteko zoraldi horietako batek hartuta adatsaren usain goxoak edo esku baten ukipenak bizimodua aldaraziko dizun horietakorik. Neskak honela esan zion:

        — Igoko zara, mesedez? Bigarren atea eskubitara.

        Badaude pertsona batzuk, poliki azaldu zidan, berehalaxe adiskidetzat hartzen dituzunak. Horiekin lasai egon zaitezke, badakizulako inoiz ez zaituztela arriskupean jarriko, inoiz ez. «Holakoxea zen Anna» esan zuen, eta ez nekien ziur iraganaldia nahita erabili zuen ala ez.

        Aktore gela gehienak ez bezala hango hura ia hutsik zegoen; jantziez beteriko armairurik ez; kosmetiko eta pinturazko nahaspilarik ez; bata bat atean zintzilik; sueter bat, 2. ekitalditik ezagutzen zuena, besaulki bakarraren gainean; pote bat, erdi usatutako pintura eta ukenduak zeuzkana. Ontzi bat borborka ari zen gasezko berogailuaren gainean. Neskak esan zion:

        — Te pixka bat nahi duzu? Norbaitek pakete bat bidali zidan lehengo astean; amerikarrek tea erregalatzen digute loreen ordez estreinaldiko gauean.

        — Gustura hartuko dut bat —esan zuen, baina ezer ez zitzaion tea baino amorragarriagorik. Neskari begira geratu zitzaion, prestatzen ari zen bitartean; prestatu bai, baina dena gaizki, jakina: ura irakin gabe, teontzia berotu gabe, orri gutxiegi botata. Neskak esan zuen:

        — Inoiz ez dut ulertzen zergatik ingeles jendeari tea gustatzen zaion.

        Martinsek bera katilukada azkar edan zuen botika bat bezala eta neskari begiratu zion berea poliki eta eztiki xurrutaka edaten. Martinsek esan zion:

        — Zu ikusteko gogo handiak nituen. Harryrena dela eta.

        Une larria heldua zen, ikusi zuen nola ezpainak estutzen zituen zetorkionari aurre egiteko.

        — Bai?

        — Hogei urte dira ezagutu nuela. Haren adiskidea nintzen. Eskolan elkarrekin ibiliak ginen, aizu, eta gerora ere ez zen hilabete asko joango elkar ikusi gabe...

        Neskak esan zion:

        — Zure txartela jaso nuenean, ezin ezetzik esan. Baina, egia esateko, hitz egin behar askorik ez dugu, ezta? Ezer ez.

        — Jakin nahi nuke...

        — Hilda dago. Azkena da. Dena bukatu da, kitto. Zertarako hitz egin?

        — Biok maite genuen.

        — Nik ez dakit. Ezin duzu holakorik jakin, ondoren. Besterik ez dakit, ez bada...

        — Ez bada?

        — Nik ere hilda egon nahi nukeela.

        Martinsek kontatu zidan «Orduantxe ospa egiteko zorian egon nintzen. Zertarako atsekabetu? Kaskoan txorakeria hura sartu zitzaidalako? Osterantzean galdera bat egin nion»:

        — Cooler izeneko gizon bat ezaguten al duzu?

        — Amerikar bat? —esan zuen—. Uste dut berak ekarri zidala diru pixka bat Harry hil ondoren. Ez nion hartu nahi, baina esan zidan Harryk kezka larri hori zuela azken momentuan.

        — Orduan, ez zen bat-batean hil?

        — Ez horixe.

        Martinsek honela esan zidan: «Ideia hori buruan hain sendo sartuta zergatik neukan hasia nintzen neure baitan galdezka, eta gero pentsatu nuen etxe hartako gizonak beste inork ez zidala esan».

        — Hilzorian zegoela oso argi eduki zuen burua, antza denez, nitaz ere gogoratu baitzen. Ematen duenez ez zuen oinaze handirik izan.

        — Horixe esaten diot neure buruari etengabe.

        — Medikua ikusi zenuen?

        — Behin. Harryk bidali ninduen beragana. Etxeko medikua zuen. Gertu bizi zen, bai.

        Martinsek tupustean gisa horretako irudiak bat-batean eta arrazoirik gabe sortzen dituen gogoaren egoitza harrigarri horretan basamortu bat ikusi zuen, gorpu bat lurrean, txori saldo bat inguruan bilduta. Bere liburuetako pasarte bat zatekeen, oraindik idatzi gabea, gogamenaren atarian mamitzen ari zitzaiona. Irudia aienatu zen eta pentsatu zuen harritzekoa zela une hartan bertan guztiak aurrean egotea, Harryren lagun guztiak: Kurtz, medikua, Cooler izeneko gizon hura; maite zuten bi lagunak ez beste guztiak zeudela zirudien. Esan zion:

        — Eta txoferra? Bere testigantza entzun zenuen?

        — Zeharo nahastuta zegoen, ikaratuta. Baina Coolerren testigantzak errua kentzen zion. Ez, bere errua ez zen izan, gizarajoa. Harryri behin baino gehiagotan entzun nion ardura handiko gidaria zela.

        — Bera ere Harryren ezaguna?

        Beste txori bat pausatu zen eta besteekin bat egin hondarretan ahozpez zetzan gorpu isilaren inguruan. Orain esan zezakeen Harry zela, jazkeragatik, jarreragatik, belarretan lo zegoen haurra, kirol zelaiaren ertzean, udaparteko arratsalde kixkalgarri batean.

        Norbaitek deitu zuen leihoaz bestaldetik:

        — Fraulein Schmidt!

        Neskak esan zuen:

        — Ez zaie gustatzen gu luzaz egotea. Beraien argia gastatzen omen dugu eta.

        Martinsek amore eman zion zerbait aurrezteko asmoari. Hauxe bota zion:

        — Poliziak dioenez Harry atxilotzekotan zeuden. Azpijokoren bat leporatu nahi zioten.

        Kurtzek bezalatsu hartu zuen neskak albistea.

        — Mundu guztia dabil azpijokoan.

        — Espero dut oso garrantzizkoa ez izatea.

        — Ez.

        — Beharbada elkar hartu dute. Ezagutzen duzu Kurtz izeneko gizon bat?

        — Ez dut uste.

        — Ileordea erabiltzen du.

        — Hara!

        Erdi-erdian jo zuela esan zezakeen. Esan zion:

        — Ez duzu uste harritzekoa dela guztiak bertan egotea, heriotza gertatu zenean? Denek ezagutzen zuten Harry, baita txoferrak ere, medikuak...

        Neskak etsiaren patxadarekin esan zion:

        — Neurekiko ere gauza bera galdetu nuen, nahiz eta Kurtzena ez nekien. Beraiek hil ote zuten galdetu nuen neure artean, baina zer balio du galdetzeak?

        — Sasikume horiek harrapatu behar ditut —esan zuen Rollo Martinsek.

        — Ez du merezi. Beharbada poliziak arrazoi du. Beharbada Harry gizarajoa nahastuta zegoen...

        — Fraulein Schmidt! —deitu zuen berriro ahotsak.

        — Joan beharra daukat.

        — Lagunduko zaitut bidean pixka bat.

        Ia gaua zen; denbora pixka bat zen elurra ari ez zuela, eta Ringeko estatua handiak, zaldi jauzkariak, orgak eta arranoak, are nabarmentzen ziren arratsaren atzenetan.

        — Hobe da amore ematea eta dena ahaztea —esan zuen Annak.

        Ilargiaren argipeko elurra txorkatileraino hondoratzen zitzaien kaleko zoladuran.

        — Medikuaren helbidea emango didazu?

        Horma baten babesean gelditu ziren neskak helbidea idatzi bitartean.

        — Eta zurea?

        — Zertarako nahi duzu?

        — Beharbada berriren bat emango dizut.

        — Ez dago berririk ezertarako balio dezakeenik. Urrundik begiratu zion neskari hau tranbia hartzera zihoanean, haizeaz babesteko burua makurtuta, galdera ikur iluna elurraren gainean.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com