7

 

        Ikusten dudanagatik, artxiboak, elkarrizketetan jasotako oharrak eta pertsona desberdinen aitorpenak gainbegiraturik, Rollo Martinsek bazuen artean ere Vienatik arriskurik gabe joatea. Jakinmin neurrigabea erakutsia zuen bai, baina eritasuna azaldu orduko geldiarazi zioten. Inork ez zion ezkutukorik agertu. Itxurakeriaren horma lauak ez zien koskarik erakutsi haztamuka zebiltzan bere behatzei. Winkler doktorearen etxetik irten zenean Rollo Martins inongo arriskupean ez zegoen. Sacherrenera itzuli, oheratu eta burua lasai-lasai zuela loak har zezakeen. Tenore hartan Cooler ikustera ere inolako arazorik gabe joan zitekeen. Inortxok ere ez zuen halako kezka larririk. Bere zoritxarrerako, ordea —eta bere bizitza osoan sarritan damutuko zitzaion—, Harryren etxera itzultzea erabaki zuen. Istripua ikusi omen zuen —edo horrenbeste esan al zuen?— gizontxo muxinarekin hitz egin nahi zuen. Lipar batez, kale ilun ospelean, Coolerrengana zuzen joateko zori-zorian egon zen,

        Harryren gorpuaren inguruan pausaturik zeuden parte txarreko txori horien irudia osatzeko asmotan, baina Rollok, Rollo izanik, ogi ala ardora botatzea deliberatu eta txanponak bestea egitearen alde erabaki zuen eta bi gizon hiltzearen alde.

        Beharbada gizontxoa —Koch zeritzana— sobera ardo edana zen, beharbada bulegoan lanegun ona baino ez zuen izan, baina oraingo honetan, Rollo Martinsek txirrina jo zionean atsegin eta hizketarako oso prest agertu zen. Afaldu berria zen eta ogi apurrak zituen bibotean.

        — A, gogoan zaitut! Herr Limeren laguna zara.

        Martinsi harrera beroa eta adeitsua egin eta bere andere puska aurkeztu zion, bistan zegoenez gizonaren erabateko menpetasunean zegoena.

        — Garai zaharretan katilukada bat kafe eskainiko nizun, baina orain...

        Martinsek bere zigarro paketea eskuratu zion eta adiskidetasun giroa areagotu egin zen.

        — Atzokoan nahiko zakar portatu nintzen —esan zuen Herr Kochek— baina makal samarturik nengoen buruko minez eta emaztea kanpoan zenez gero, neronek zabaldu behar izan nuen atea.

        — Esan zenidan istripua benetan ikusi zenuela, ezta?

        Herr Kochek eta bere emazteak elkarri begiratu zioten.

        — Ikerketa burututa dago, Ilse. Ez dago arriskurik. Fidatu nire zentzuaz. Gizaseme hau adiskidea dugu. Bai, istripua ikusi nuen, baina zuk beste inork ez daki. Ikusi nuela diodanean beharbada entzun nuela esan beharko nuke. Freno hotsa eta patinazoaren zarata entzun nituen, eta leihora heldu nintzen orduko gorpua etxera nola zeramaten ikusi nuen.

        — Baina testigantzarik ez zenuen eman?

        — Hobe da horrelako gauzatan ez nahastea. Bulegoan nire beharrean daude. Nahiko eskas gabiltza jende aldetik, gainera ikusi ez nuen benetan ikusi.

        — Atzo, ostera, nola gertatu zen kontatu zenidan.

        — Hala deskribatzen zuten egunkariek.

        — Oinaze handitan al zegoen?

        — Hilda zegoen. Hemendik zuzen begiratu nuen eta aurpegia ikusi nion. Badakit nik gizon bat noiz dagoen hilda. Begira, nolabait nire lanbidea da. Hiletxeko bulegari burua naiz.

        — Baina besteek diotenez ez zen bat-batean hil.

        — Beharbada ez dute heriotza nik bezain ongi ezagutuko.

        — Hilda zegoen, noski, medikua heldu zenerako. Berak hala esan zidan.

        — Bat-batean hil zen. Aditu baten hitzaz fida zaitezke.

        — Nik uste, Herr Koch, zuk testigantza eman beharra zenuelá.

        — Nork bere burua zaindu behar du, Herr Martins. Nik ez ezik beste norbaitek ere eman beharra zuen.

        — Zer esan nahi duzu?

        — Hiru pertsonaren artean eraman zuten zure laguna etxeraino.

        — Badakit, bi gizon eta txoferra.

        — Txoferra bere tokian geratu zen. Lur jota zegoen, gizarajoa.

        — Hiru gizon...

        Bazirudien bat-batean horma hutsa aztatuz bere behatzek antzeman zutela, ez koska bezainbatekoa beharbada, baina bai laztasun bat behintzat, etxegile arduratsuek berdindu gabe utzi zutena.

        — Deskribatuko al dituzu hiru gizonak?

        Baina Herr Kochek bizidunak aztertzen trebetasunik ez zeukan: ileordedun gizona gertatu zitzaion deigarri, ez beste inor: beste bi gizonak arruntak ziren, ez handi ez txiki, ez gizen ez argal. Goitik ikusi zituen, uzkurtuta zeudela, zamaren gainera makurtuta; ez zuten bururik jaso eta berak berehala saihestu zuen begirada eta leihoa hertsi, segituan ohartu baitzen zentzuzkoagoa zeta inork ere bera ez ikustea.

        — Ezin nuen inolako testigantzarik eman, Herr Martins.

        Inolako testigantzarik, pentsatu zuen, inolako testigantzarik! Zegoeneko dudarik ere ez zuen hilketa bat izan zeta. Zergatik, bada, denek gezurra esan heriotzaren momentuari buruz? Haien diru opariekin eta haien abioi txartelekin isilarazi nahi zituzten Harryk Vienan zeuzkan bi adiskide bakarrak. Eta hirugarren gizona? Nor ote zen? Honela esan zion:

        — Herr Lime etxetik irteten ikusi zenuen?

        — Ez.

        — Garrasirik entzun zenuen?

        — Frenoak bakarrik, Herr Martins.

        Martinsi otu zitzaion deus ere ez zegoela, Kurtzen, Coolerren eta txoferraren hitza izan ezik, Harry une hartantxe hil zela egiazki frogatzen zuenik. Medikuaren testigantza ere bazegoen, noski, baina horrek bakarrik frogatzen zuen hit zeta, esan dezagun, ordu erdi bat lehenago, eta hala ere medikuaren testigantzak Winkler medikuaren hitzak adina balio zuen: bere gurutzeen artean krak egiten zuen gizon txukun bare hura.

        — Herr Martins, oraintxe bururatu zait, Vienan geratu behar al duzu?

        — Bai.

        — Etxebizitzarik behar baduzu eta lehenbailehen agintariekin hitz egiten baduzu, seguru asko Herr Limeren pisua har zenezake, jabetza errekisatua baita.

        — Nork ditu giltzak?

        — Neronek ditut.

        — Pisua ikusteko modurik bai?

        — Ilse, giltzak!

        Herr Kochek Harryrena izandako pisuraino lagundu zuen. Pasilu ilunean zigarro usaina somatzen zen oraindik: Harryk beti erretzen zituen zigarro turkiarrena. Harrigarria zirudien gizon baten usaina gortina baten pleguetan itsatsita gelditzea, are gizona bera hilgai, kirats, usteldura bilakatu eta gero ere. Argi batek, firfileriazko estalki astun batez bildurik, erdi ilunetan uzten zituen, ate krisketak aztaka bilaraziz.

        Egongela huts-hutsik zegoen: hutsegi Martinsen iritzirako. Aulkiak pareten kontra ezarririk zeuden; idazmahaiaren gainean, Harryk idazteko erabiltzen bide zuena, ez hautsik ez paperik ez zegoen. Zoruak ispilu baten antzera isladatzen zuen argia. Herr Kochek ate bat zabaldu eta logela erakutsi zion: ohea txukun-txukun egina zegoen, izara garbiekin. Bainugelan bizarra kentzeko kutxila usatu batek ere ez zuen salatzen egun batzuk lehenago bertan gizon bat bizi izan zela. Pasilu ilunak eta zigarro usainak ez bestek erakusten zuten bertan norbait bizi izan zela.

        — Ikusten duzunez —zioen Herr Kochek— prest dago maizter berriarentzat. Ilsek dena antolatu du.

        Bai ederki antolatu ere! Heriotza baten ondoren nahaspila handiagoa egon behar zuen. Gizon batek ezin du bat-batean eta ustekabean bidaiarik luzeenera abiatu, zer edo zer ahaztu gabe, kontu bat ordaindu gabe, inprimaki ofizial bat bete gabe, neska baten argazkia utzi gabe.

        — Paperik ez zegoen, Herr Koch?

        — Herr Lime oso gizon txukuna zen. Bere paperontzia beteta zegoen eta bere kartera ere bai, baina bere lagunak eraman zuen.

        — Bere lagunak?

        — Ileordea zeraman gizonak.

        Bazitekeen, jakina, Limeri bidaia hain ustekabean gertatu ez izana, eta Martinsi okurritu zitzaion Limek agian espero zuela bera laguntzera garaiz ailegatzea. Herr Kochi esan zion:

        — Uste dut nire adiskidea hil egin zutela.

        — Hil?

        Herr Kochen adeitasuna ez bat eta ez bi desagertu zen hitz hori entzutearekin batera. Esan zuen:

        — Ez nizun hemen sartzen utziko horrelako txorakeriak esan behar zenituela jakinez gero.

        — Zergatik txorakeriak?

        — Zona honetan ez da hilketarik gertatzen.

        — Dena den zure testigantza oso baliagarria izan liteke.

        — Testigantza eman beharrik ez dut. Ez nuen ezer ikusi. Niri ez dagokit. Zoaz oraintxe bertan, arren. Ez duzu nirekiko batere begiramenik erakutsi.

        Presaka atera zuen Martins pasilutik; zegoeneko, zigarro usaina apur bat aienatua zen. Herr Kochen azken hitzak atea danbateko bat emanez itxi aurretik hauek izan ziren:

        — Niri ez dagokit.

        Herr Koch gizarajoa! Geuk ez dugu aukeratzen dagokiguna. Geroago, Martinsi itaunketa xehea egiten ari nintzaiola, honela galdetu nion:

        — Inor ikusi zenuen ezkaratzean edo kanpoan, kalean?

        — Inor ez.

        Ez zuen ezer galtzekorik halabeharrezko oinezkoren bat gogoratzen bazuen, hortaz, sinetsi egin nion. Esan zuen:

        — Nabarmena gertatu zitzaidan kaleak hain lasai eta hutsik ematea. Alderdi bat bonbek suntsitua zegoen, badakizu, eta ilargiak dir-dir egiten zuen elur piloen gainean. Hain zegoen isilik dena! Neure urratsen hotsa aditzen nuen elurretan kraska-kraska.

        — Horrek, ordea, ez du ezer frogatzen. Soto bat dago eta zelatan ari zen norbait bertan ezkuta zitekeen.

        — Bai.

        — Edo zure istorio guztia gezurra izan daiteke.

        — Bai.

        — Kakoa da ez dudala arrazoirik ikusten zuk horrela jokatzeko. Egia da erruduna zarela amarrukeria bidez dirua eskuratzeagatik. Limerekin elkartzeko asmoz etorri zinen hona, beharbada laguntzeko asmoz...

        Martinsek honela esan zidan:

        — Zein da behin eta berriro aitatzen duzun ditxosozko azpikeria hori?

        — Argibide guztiak eman behar nizkizun aurreneko topaketa hartan zu hain azkar sumindu ez bazina. Orain zentzugabekeria litzateke jakinaren gainean jartzea, hala uste dut. Informazio ofiziala zabaltzea litzateke eta zure harremanak oso badaezpadakoak dira. Limek eskuratutako paper faltsuak dituen neska bat, Kurtz hori...

        — Dr. Winkler...

        — Ez daukat ezer Dr. Winklerren aurka. Ez, gezurretan ari bazara argibide beharrik ez duzu, baina beharbada laguntza emango genizuke geuk dakiguna zehazki jakin dezazun. Izan ere, ez baititugu oraindik froga guztiak bildu.

        — Ezta bilduko ere. Zu baino detektibe hoberik bainu bat hartu bitartean asmatuko nuke nik.

        — Daukazun estilo horrek ez dio zure izenkideari itzalik ere egiten.

        Mr. Crabbinekin oroitu zenean, Britainiako Kontseiluko ordezkari gizarajo zorigabe horrekin, hain zuzen ere, masailak gorritu zitzaizkion Rollo Martinsi, suminduraz, nahasmenduraz eta lotsaren lotsaz. Horrek ere bereganako konfidantza areagotzen zidan.

        Benetan ordu txarrak pasarazi zizkiola Crabbini. Sacher Hotelera itzuli zelarik, Herr Kochekin elkarrizketa izan eta gero, ordezkariaren etsipenezko mezu bat zeukan zain.

        «Egun osoa daramat zu aurkitu nahian —zioen Crabbinek idatzian—. Behar-beharrezkoa dugu elkarrekin egotea zure programa behar bezala antola dezagun. Gaur goizean hitzaldi batzuk hitzartu ditut datorren asterako Innsbrucken eta Salzburgen, baina zure baiezkoa behar dut gaiei dagokienez, eta beraiei buruzko egitarauak inprimatu ahal izateko. Nire aldetik bi gai proposatuko nizkizuke: «Fedearen krisialdia mendebaldean» (hemen begirune handia dizute idazle kristau bezala, baina hitzaldi honek politika alde batera utzi beharko luke eta Errusiari edo komunismoari buruzko aipamenik ez egin) eta «Nobelagintza garaikidearen teknika». Hitzaldi berdinak Vienan emango lirateke. Horrezaz gain, jende asko dago hemen zu ezagutu nahi zaituena, eta koktel bat antolatu nahi nuke datorren astearen hasierarako. Baina guzti horretarako zurekin hitz egin beharra daukat». Gutunak kezka larriaz amaitzen zuen:

        «Bihar arratseko mahai ingurura joango zara, ezta? Zure zain egongo gara zortzi t'erdietan eta esan beharrik ez dago, aldez aurretik milesker etortzeagatik. Kotxe bat bidaliko dizugu hotelera zortziak eta laurdenetan puntu-puntuan».

        Rollo Martinsek gutuna irakurri eta Mr. Crabbinekin gehiago gogoratu gabe, ohera joan zen.

 

 

© Graham Greene

© itzulpenarena: Iņaki Ibaņez

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com